Zela bururatu zitzaizuen horrelako lasterketa bat antolatzea?
Abenduaren 31n lagun koadrila eder bat elkartzen gara urtero silbestrada egiteko. Ez dugu lasterketa egiten, batera egiten dugu korrika eta azken kilometroan nahi dutenek aurrera egiten dute. Kontua da ederto pasatzen dugula, eta herrian atletismo hitzorduak faltan botatzen ditugula.
Eskoriatzak beste kirol arlo batzuetan eskaintza polita du, baina atletismoa eta mendia bateratu nahi genituen, eta horrela hasi ginen kirol elkartean lasterketa honekin lanean.
Zelako ezaugarriak ditu probak?
Lasterketak 20 kilometro ditu, eta mila metroko desnibel positiboa du. Bistan dago ez dela denek egiteko moduko proba, baina korrikan egitera ohituta daudenendako proba polita da. Eskoriatzako bi aldeak sartu nahi genituen ibilbidean, mendira goazenean normalean Kurtzebarri ala Atxorrotx aldera joaten garelako, baina Asentzio aldean ere paraje politak daude, eta hor egingo dugu lasterketako lehen zatia. Alde horretatik, ez gara mendi tontorrekin itsutu, ibilbidea gehiago da mendi magaletatik barrena.
Zelako bideak dira?
Korrika egiteko pista onak dira, zabalak. Baina, tarte batzuetan bidexkatan ere ibiliko dira korrikalariak. Dena dela, ibilbide ederra da, eta probaren erdian Eskoriatzatik pasatzen garenean plazan girotxoa egongo da; hala, eguraldiak laguntzen badu, laino askorik ez badago, ilargiak izugarri lagunduko digu.
Gauez da lasterketa, zergatik?
Gauez korrika egitea gozada galanta delako. Ez du egunez korrika egitearekin zerikusirik, beste lasaitasun bat izaten da, baina aldi berean zentzu guztiak erne izaten ditugu... beste paisaia bat, eta gainera, ilargi beteak laguntzen badigu, ia ez dugu linternen beharrik izango. Hori bai, jendea linternekin –frontala– etor dadila [Barre]. Pilarik ez duenak egon dadila lasai, Cegasa etxeak pila mordoa eman dizkigu eta irteeran banatzeko.
Oraindik badago izena emateko astia.
Bai, lasterketa hasi baino apur bat lehenago itxiko dugu izenemate epea, hortan, azken orduan dabilenak ere ez du arazorik izango. Lehenengo lasterketa da, eta ez genuen mugarik jarri nahi.
Jende asko espero duzue?
Bada, Eskoriatzatik koadrilatxoa etorriko da, 15-20 lagun bai, eta zenbateko polita da. Debagoienean ere korrika dabilen jende asko dago, eta euretako asko mendiko lasterketetan ibiltzen dira. Aloñako Igoeran egon zirenak, Zegama-Aizkorri maratoia egin zutenak... Espero dugu Oñatitik jendea etortzea, eta Ehun Milak proba egin nahi dutenendako ere entrenamendu ona izan daiteke, ez distantzia aldetik, gurea motza delako harekin alderatuta, baina bai korrika gauez egitera ohitzeko.
Aurreratu duzu plazan giro polita egongo dela. Baina, ibilbideko beste lekuren bat aukeratu beharko bazenu proba jarraitzeko...
Hasteko, gure lasterketarekin batera Zapatisten jaia ere egingo dute zapatu gauean Eskoriatzan, horregatik diot giro polita egongo dela. Lasterketa jarraitzera mendi aldera egin beharko banu, berriz, Mandobidea aukeratuko nuke, handik korrikalariak zelan datozen ondo ikusiko delako, paraje ona da.