Apotzagaraino helduko da Errekan Gora

Mirian Biteri 2011ko ekainaren 8a

Errekan Gora ekimeneko programa aurkeztu dute eguerdian, Azkoaga Enea hotelean. Uztailean zehar hainbat kontzertu eta ikuskizun antolatu dituzte herriko txoko desberdinetan; aurtengo berrikuntza nagusia da Apotzaga auzoan ere eskainiko dutela kontzertu bat. Beste berrikuntza bat da umeei ere lekua egin dietela programan, eta hala, gaztetxoendako kale antzerki bat ere eskainiko dute.

Eskoriatzako Aitzorrotz kultur elkarteak antolatzen du Errekan Gora ekimena eta aurten laugarren aldiz ospatuko dute. Urtero moduan, askotariko estiloko taldeek joko dute; bada, oraingoan Euskal Herrikoak izango dira guztiak.

Eguerdian, Azkoaga Enea hotelean egindako agerraldian, Aitzorrotz kultura elkartearen presidente Juan Luis Zubizarretak nabarmendu du "pausuz pausu" aurera doala ekimena. Honakoa esan du: "Gero eta indar gehiago hartzen ari da, laugarren urte honekin, umildadearekin esan beharra dago gero eta hobeto ari garela programa egiten eta arrakastatsua bilakatzen ari dela".  

Agerraldi berean, Dorleta Lezeta jarduneko alkateak Aitzorrotz kultura elkartearen lana txalortu du, eta "oso ondo" egiten ari dela aipatu ostean, gaineratu du Udalak bitarteko "guztiak" jarriko dituela horren alde.

Hona hemen gertatu duten egitaraua:

  • Uztailaren 3an: Birusen kontraerasoa. Herriko plazan, 19:00etan.
  • Uztailaren 8an: Ain_1. Azkoaga Enea hotelean, 22:30ean.
  • Uztailaren 9an: Audience. Huheziko klaustroan, 22:30ean.
  • Uztailaren 15ean: Malatu. Jose Arana ikastolako patioan, 22:30ean.
  • Uztailaren 16an: Sokaide. Apotzaga auzoko aparkalekuan, 22:30ean.
  • Uztailaren 22an: The Cherry Boppers. Santa Marinan, 22:30ean.
  • Uztailaren 23an: Fiachras. Gernika plazan, 19:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak