Iluntzera arte iraungo du aurten Arizmendiren urteroko Ferixiek

Mirian Biteri 2011ko ekainaren 2a

Aspertzeko astirik ez da egongo Arizmendi Ikastolak zapaturako gertatutako Ferixien. Aurten, 15 urte betetzen ditu jaialdiak, eta hamarkada bete zuenean moduan, egun osoan izango dira ospakizunak. Arratsalde partean, bi ekimen egingo dituzte, 19:30ean. Batetik, Eusko Labela duten oilasko erre pintxoak banatuko dituzte Herriko Plazan, eta bestetik, I. txapel jaurtiketa txapelketa izango da toki berean.

Ohikoa den moduan, 09:00etan etxafuego jaurtiketa egingo dute eta ordu erdi geroago txistularien kalejira hasiko da. Azoka, berriz, 10:00etan hasiko da. Jarriko diren 92 postuetan denetarik erosi ahal izango dute hara joaten direnek. Arizmendi Ikastolako koordinatzaile Lierni Altunak jakinarazi digunez, baserriko produktuak eskaintzen 32 postu izango dira, eta 34 artisautzarekin. Gobernuz kanpoko erakunde bi ere egongo dira: Gizaki eta Txiapas, hain justu.

Txorimalo lehiaketa

Urtero legez, txorimalo lehiaketa ere egingo dute, 10:15etik 11:15era bitartean. Altunak azaldu du 4 urtetik gorako neska-mutikoek parte har dezaketela horretan, taldeka edo bakarka. Lehiaketa egiten duten bitartean, haur eta gazteendako tailerrak eta puzgarriak izango dira Santa Marina plazan.

Gazta dastatzea eta txapelketa ere ez da faltako. Ikastolan egingo dute hori, 11:30etik 13:00etara. Bada, batzuek inguruko gazta goxoa probatzen duten neurrian, beste batzuk Zornotzako zanpantzarrekin ibiliko dira herriko kaleetan. Horretaz gainera, trikitilariek ere kaleak hartuko dituzte eguerdi partean.

Eskoriatzako dantza taldearen emanaldia ere izango da; 13:00etan hasiko da. Hori amaitzean, goiz osoan azokan parte hartu duten postuen lehiaketa egingo dute, eta jarraian, sariak banatuko dituzte. Horretaz gainera, txorimalo lehiaketako irabazleak ere ezagutaraziko dira ordu berean. Horren ondotik, herri bazkaria egingo dute; 250 lagun inguruk eman dute azken egunotan horretarako izena. Bi menu izango dituzte gertu, helduei eta umeei zuzenduta.

Egitarau erakargarria gertatu dute. Horren harira, Altunak eskerrak eman gura izan dizkie jaialdia antolatzen lagundu duten guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak