Eskoriatzako zaharren egoitzarako 82.000 euro batu dituzte

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko maiatzaren 31

Eskoriatzako Zaharren Egoitza kudeatzen duen Patronatuak aditzera eman du 82.000 euro batu dituztela egoitzaren "egoera larriari aurre egiteko". Izan ere, aurtengo otsailean abian jarri zuen Patronatuak Salba dezagun Eskoriatzako Zaharren Egoitza izeneko kanpaina. Patronatuak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei Zaharren egoitzaren aldeko diru-kanpainan emandako laguntzagatik.

Patronatuak esan duenez, diru kopuru horren zatirik handiena, 60.000 euro hain zuzen ere, Eskoriatzako herriari sarri lagundu dion partikular batek eman du eta hari "bereziki eskertuko diogu egin duen ekarpena". Baina, era berean, Patronatuak dio ekarpen guztiek, "txikiek nahiz handiek, piloa sortzen lagundu digute".

Proiektuarekin bat

Patronatuak hedabideetara zabaldu duen prentsa oharrean zera dio: "gure eskaera horri erantzun diote eskoriatzar askok eta askok, bakoitzak bere neurrira egindako ekarpenekin. Eta guztiekin, ekarpen txiki nahiz handiekin, herritarren gertutasuna sumatu dugu. Gertutasun hori oso eskertzekoa da, bai ekonomikoki egoera hau lausotzen laguntzen digutelako, eta hori zen helburu nagusia, baina baita askok egoitzaren proiektuarekin bat egiten dutela adierazi digutelako ere".

Ekarpen gehiago

Azkenik, Eskoriatzako Zaharren Egoitzaren Patronatuak dio, oraindik ere egoitzaren egoera ekonomikoa orekatua izateko "asko falta" dela eta ekarpenak jasotzeko irekitako kontu korronte zenbakiak zabalik jarraitzen dutela. Euskadiko Kutxako honako honetan egin daitezke ekarpenak: 3035 0044 82 0440028200.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak