Aitor Urrutia (EAJ): "Marka liderra gara, herrialde hau sartuta dagoen zulotik ateratzeko kapaza den marka gara"

Txomin Madina Milikua 2011ko maiatzaren 18a

Gaur eguerdian, Eskoriatzako plazan egindako agerraldian, EAJko alkategai Aitor Urrutiak esan du gizarteak "erreferenteak" behar dituela, lider faltan dagoela, eta alderdi jeltzalea dela egun "marka liderra". Besteak beste, ondoan izan ditu GBBko presidente Joseba Egibar eta Garraio diputatu Arantxa Tapia.

Urrutiak esan du egun bizi dugun fase berri honetan, EAJk hainbat konpromiso hartu dituela maila ezberdinetan. Hala, esan du Eskoriatzako programaren lehen puntua elkarbizitza dela, eta nazio mailan hartutako konpromisoak ere azpimarratu ditu. Horrekin batera, hartutako konpromisoak lau oinarritan hartuta daudela aipatu du: hain justu ere, bakea, aniztasuna, euskal aberria eta justizia soziala.

Bestalde, Egibarrek aipatu du, perspektiban begiratuta,  azken hamarkadetan hoberako aldaketak egon direla, eta nagusiki EAJren lanaren fruitu izan dela hori. Azpimarratu du, aldi berean, Gipuzkoa eta Euskal Herri "potente, sendo eta askeago" bat lortzea dela jeltzaleen helburua, bere etorkizunaren jabe izango den Euskal Herria.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak