Mondragon Unibertsitateak eta Eiken clusterrak elkarlan-hitzarmena sinatu dute

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko maiatzaren 16a

Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) eta Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak (Eiken), berau Euskadiko ikus-entzunezkoen enpresa nagusiek osatua, elkarlanerako hitzarmena sinatu dute.

Hitzarmenaren arabera, HUHEZIk segituko du EikenBANK proiektua laguntzen. Horrezaz gain, erakunde biek hainbat proiektu egingo dituzte, horietako bat aztertzea zer egoeratan dagoen ikus-entzunezkoen sektorea EAEn.

Mondragon Unibertsitatearen izenean Nekane Arratibelek sinatu du, HUHEZIko dekanoa, eta Eiken klusterraren ordez Itziar Menak, Eikeneko zuzendaria. Biek ala biek interes handia erakutsi dute elkarlana areagotzeko bi erakundeen artean.

Lankidetza-eremuak

Hitzarmenak hiru atal nagusi izango ditu:

  • Elkarlana. Beharrezko neurriak hartzea elkarlana bultzatzeko erakunde biei interesatzen zaizkien proiektuetan.
  • EikenBANK. Lankidetzan jardutea EikenBANK proiektuak arrakasta izan dezan. Horren bidez, clusterrak harremanetan jarriko ditu ikasle gazteak eta ikus-entzunezko sektoreko enpresak, lankidetza horretatik produktu berri lehiakorrak sor daitezen. HUHEZIk bere ikasleak bideratuko ditu proiektura eta bertako babesle eta eragile bihurtuko da.
  • Azterketa bateratua. Erakunde biek ikerketa proiektu bateratua egingo dute aztertzeko 2011n zein den ikus-entzunezko sektorearen egoera EAEn. Unibertsitatearen izenean, Idoia Astigarraga ikertzailea arduratuko da ikerketa dokumentalaz, marko teorikoa prestatzeaz eta sakoneko elkarrizketak egiteaz. Eiken, berriz, arduratuko da ikerketaren alde kuantitatiboaz.

Alde biek jarraipen batzorde bat sortuko dute hitzarmenaren jarraipena egiteko. Hitzarmena, gainera, indarrean egongo da sinatzaileek besterik erabaki arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak