Jose Luis Feo: "Nire asmoa ez da argazkilaritzaz hitz egitea, efektu optikoaz baizik"

Mirian Biteri 2011ko maiatzaren 13a

Argazki proiekzio interesgarria dago datorren astean Ibarraundi museoan. Jose Luis Feo arrasatearrak hiru dimentsioko irudien gainean jardungo du martitzen eta eguaztenean, hilaren 17an eta 18an, 19:00etan. Aforoa dela-eta hitzordu bikoitza egitea erabaki dute. Proiekzioa gertatzen harrapatu dugu Feo, Bergaran, etxean.

Nolakoa izango da proiekzioa?

Diapositibak ikusiko ditugu; baina ez edozein diapositiba, hiru dimentsiokoak baizik. Modan dago, eta, teknika berria dela ematen badu ere, 1832. urte inguruan asmatutakoa da, gizakiok hiru dimentsiotan ikusten dugula ezagutarazi zenean. Marrazki geometrikoen bidez ohartu ziren horretaz. Handik 10 urtera, hori argazkietan irudikatzea lortu zuten. Hortaz, ia bi mende dituen teknikaz egiten ari gara berba.

Zer ikusiko dute eskoriatzarrek proiekzio bikoitz horretan?

Nire asmoa ez da argazkilaritzaz hitz egitea, efektu optikoaz baizik.   Argazkigintza estereoskopikoa deitzen da hori, eta irudi bat bistaratzeko bestelako modu bat da; horren harira, kontuan izan behar dugu begi bakoitzarekin gauza bat ikusten dugula eta burmuinak bi irudi horiek elkartu eta hiru dimentsioko irudi bakar bilakatzen duela.

Datorren asteko proiekzioan, pantaila bakar batera bideratuta dauden bina proiektore eta filtro polarizatzaile erabiliko ditut, eta parte-hartzaileek betaurreko bereziak izan beharko dituzte. Bi efektu ikusi ahal izango dituzte: batetik, leiho efektua dago. Horren bidez, sakonera duten irudiak ikusten dira; eta bestetik, erliebe efektua dago; hain justu ere, elementuak pantailatik irteten direnean sortzen dena.

Bestalde, ez da gai bakarrekoa izango; aspergarria izan daiteke gai bakar baten gaineko 200 irudi ematea. Besteak beste, paisaiei, sanferminei, inguruko herrietako jaiei eta mahats bilketari buruzkoak dira.

Hiru dimentsiokoa. Modan dagoen kontua da...

Hala da. Nik, dena dela, 20 urte daramatzat argazkilaritza estereoskopikoan sartuta. Orain dela zazpi bat urte eman nuen lehen proiekzioa, Eibarren, argazkilaritza kongresu batean, eta orduan Avatar filma ez zen existitzen.

Eskoriatzan orain arte ez naiz egon; lehenengo aldia izango da datorren astekoa. Horretaz gainera, Aretxabaletan ere egiteko asmoa daukat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak