Soslaia |
| Duela 37 urte Eskoriatzan bertan jaioa, ezkonduta dago Aitor Urrutia, eta bi seme-alaba ditu. Zuzenbide ikasketak dituen arren, momentu honetan lan barik dago. Hauteskunde hauetan, bigarren aldiz, EAJren zerrendaburua izango da. |
Zer da EAJk datozen lau urteotan herriari eskaini gura diona?
Elkarbizitza; ekonomia produktibo eta herriko merkataritzaren sustapena; hirigintzako Plan Nagusia gauzatzea; San Pedro auzoa eraberritzea; kultura, euskara eta herriko ohiturei dagokienez denontzat eta denon arteko Eskoriatza bat burutzea; zahar egoitzaren berriztapena eta biziraupena; eta elizateak ondo hornitzea.
Zeintzuk dira zuen programaren ardatz nagusiak? Ze ekimen planteatzen dituzue, laburrean, ondorengo alorretan? Gazteria, kultura, euskara, kirola, gizarte ongizatea, hirigintza…
Aurrez esandakoak dira ardatz nagusiak. Labur esateko, aurrera begira, gazteria, kultura eta euskara arloetan zenbait patrimonizaziorekin bukatzea gura dugu. Kirol arloan kirol elkartearekin proiektuak partekatzea. Gizarte ongizate arloan zahar egoitza hiru urtetako impasse batetik ateratzea gura dugu, berrituz eta kontsolidatuz; eskoriatzarren babes sozialen premiak asetzea da gure asmoa, eta Eskoriatza elbarrientzako egokitzea. Hirigintzari dagokionez, 2009tik egin gabe dagoen Plan Nagusia burutzea eta San Pedro auzoa eraberritzea. Eta zaborren kudeaketan, birziklapenaren aldeko politika gauzatzea da gure proposamena, bosgarren ontziaren aldeko apustua eginaz eta atez ateko sistema alde batera utziz.
Zeintzuk uste dituzu direla Eskoriatzaren premiareik larrienak?
Langabeziak sortzen dituen arazoak eta babes sozialerako premiak.
Zer da Eskoriatzatik gehien gustatzen zaizuna?
Herri handia izan gabe denetarik duela, nahiz eta azken urteotan merkataritza gainbehera etorri den.
Eta gutxien?
Herritar guztiak ezagutzen diren herrietan gertatzen den bezala sarritan aurreiritziz beteriko mentalitatea dugula. Elkarri aukera gehiago emango bagenizkio eta gauza gehiago elkarrekin egingo bagenitu, edozein gai aurrera ateratzeko moduan egongo ginatekelakoan nago.
Azken agintaldian zinegotzi izan zara. Zerk bultzatu zaitu berriz ere aurkeztera?
Herriarekiko eta aurkezten nauen alderdiarekiko dudan konfiantza eta konpromisoak.
Agintaldi gogorra izan da, bai Udalarendako eta baita zuretzako ere; zaharren egoitzaren kontua hor egon da. Nola bizi izan duzu auzia?
Oso gogorra izan da arlo guztietan, baina garai berri bat ireki behar da eta esku zabalik nator.
Udal jardunari berari dagokionez, nolakoak ikusten dituzu datozen lau urteak?
Gogorrak baina oso garrantzitsuak biharko Eskoriatza arlo ekonomiko, sozial eta politikoan proiektatzeko.
Nolakoa da amesten duzun Eskoriatza?
Ongizate aldetik ondo bizi dena, arlo kulturalean gure herriko ezaugarrien arabera, eta bake eta askatasunean biziko den eskoriatzarren herria.
Alkate irteten bazara, zer da egingo duzun lehen gauza?
Alkate irteten banaiz egingo dudan lehenengo gauza gainerako denei deitzea izango da, jakiteko nola eroan genezaken denen artean herriko gobernua.
Gertutik |
|
Herriko txokorik gustukoena: Bereziki gustatzen zaizkit zazpi elizateak. Zein webgune bisitatzen dituzu? Asko bisitatzen dudanetariko bat, Eusko Ikaskuntzarena da. Irakurri duzun azken liburua? Dave Bolingen Guernica, ingelesez. |