Eskoriatzako Kultura teknikari Arantxa Unzuetak azaldu du Kultura azpibatzordeak jasotako herritar baten proposamenik datorrela ekimen berri hori. Hain justu ere, Olazar erretiratuen elkarteko kide batek egindako eskaeratik. Unzuetaren esanetan, "gaur egungo gizarte kontsumistak bultzatuta erosi eta erosi egiten dugu, eta gero erabiltzen ez ditugun baina egoera onean dauden gauzak izaten ditugu etxean gordeta. Agian beste norbaitek guk ahaztuta ditugun gauza horiek behar ditu. Birziklatzea eta berrerabilpena bultzatu nahi dugu horren bidez".
Unzuetak azaldu du ez dagoela mugarik eta hortaz, herritarrek gura dutena eroan ahal izango dutela domeka horretan plazara: "Edozer izan daiteke: esaterako, liburuak, arropa, jostailuak, margolanak edo mahaitxo edo lanpara bat". Prezioari dagokionez ere, ez da mugarik jarri. Bakoitzak gura duena eskatu ahal izango du, eta nahi badu ere, trukea ere egiteko aukera izango du.
Ipar Euskal Herriko "filosofia"
Kultura teknikariak aipatu du Ipar Euskal Herrian erabiltzen duten "filosofia" ekarriko dutela Eskoriatzara: "Bakoitzak aukera izango du dituen gauzak salgai jartzeko; domekan plazan mahai bat jarriko eta interesgarriak izan daitezkeen produktuak salduko ditu zuzenean".
Horren harira, eskoriatzarrak parte hartzera gonbidatu nahi izan ditu: "Badakigu hasiera zaila izan daitekeela, jendea lotsatu daitekeelako. Baina, uste dugu modu hori bultzatuz, askoz errazagoa dela hiru edo sei hilabetean behin horrelako azoka txikiak antolatzea; aldez aurretik ez du esfortzu handik eskatzen-eta". Dagoeneko hainbat lagunek parte-hartzea baieztatu dutela ere jakinarazi digu.
10:00etatik 13:30era, jaso
Dena dela, domeka goiz osoa plazan ezin direnak egon ere badaude; horietan ere pentsatu dute Kultura azpibatzordean: "Jostailu bi edo bizikleta bat bakarrik saltzeko duten lagunek ez dute nahi izango goiz osoa han pasatzea. Horretarako, 10:00etatik 11:30era egongo gara, jendeak ekartzen duena jasotzen. Hori bai, bakoitzak prezioa jarrita izan beharko du". Ordu horretan materiala eraman ezin dutenek, dena dela, aurretik kultura etxera eroateko aukera ere eskainiko dute.
Domekan, azoka amaitzean, plazatik pasa beharko dira. Eskainitakoa saldu bada, dirua jasoko dute; eta bestela, ekarritakoa eroan beharko dute. Dena dela, Unzuetak gaineratu du ostera ere etxera eraman nahi ez badute, han uzteko aukera izango dutela: "Hurrengo egunean, kamioneta hartuko genuke eta Remarrera eramango genuke material gzutia". Aukera paregabea behar ez duzuna eta traba egiten duena kentzeko.