Eneritz Zubia: "Atxorrotz mendiaren gainaldean eroso sentitzen naiz eta sarri joaten naiz bertara, deskonektatzeko"

Asier Alkorta 2011ko mai. 8a, 02:00

Ingurumen Zientziak ikasi eta  han eta hemen lan egin eta gero, orain Ibarraundi museoan dago lanean, ingurumen teknikari gisa. Neska alaia da eta, beti begi bistan daraman irribarrea ahotik kendu barik, egunero bere lantokia den museoan eskuzabal agertu da hizketalditxo bat edukitzeko: Eneritz Zubia (Eskoriatza, 1982).

Zelan hasi zinen museoan lanean?
Ingurumen Zientziak ikasita, Arrasateko Ingurumen Eskolan lan egiteko oposizioak egin nituen. Hirugarren postuan geratu nintzen, eta, hemen pertsona bat behar zutenez, niri deitu zidaten. Ingurumen teknikari moduan nago lanean, baina denetik egiten dugu eta oso gustura nago.

Betidanik gustatu izan zaizu ingurumenaren alorra?
Bai. Hasieran ingurumenari buruzko modulu bat egin nuen. Izan ere, 18 urterekin ez neukan batere argi zer egin nahi nuen. Eta horretan nengoela konturatu nintzen alor hau gustatzen zitzaidala, eta, horrela, lizentziaturan sartu nintzen.

Aurretik beste tokiren baten lan egin duzu?
Hasieran, Gasteizko ingurumen aholkularitza baten lan egin nuen eta han hondakinen azterketak egiten genituen; gero, beste leku baten egon nintzen lanean; eta azkenik, hementxe amaitu dut.

Zure zaletasunak egun duzun lan eremuarekin lotuta daude?
Bai. Asko gustatzen zait mendira joatea. Bueno, egia esan, orokorrean naturarekin zerikusia duten gauzak asko gustatzen zaizkit. Bidaiatzea ere atsegin dut eta kanpora noanean parke naturalak eta itxura horretako guneak bisitatzea gustatzen zait.

Mendia aipatu duzu. Sarri joaten zara?
Bai. Lanetik irten eta eguraldi ona badago, lasai askoan joan naiteke Atxorrotzera, esate baterako. Gainera, koadrilako batzuk ere nahiko mendizaleak dira eta sarri joaten gara. Eta mendira ez goazenean, auzoren bat-edo bisitatzera joaten gara.

Txango horiek lasaitu egiten zaituzte?
Erabat. Gainera, eguraldi onarekin, asko eskertzen dut ibilalditxo horiek egitea.

Inguru honetan gustukoen duzun mendirik baduzu?
Ba, nik uste dut Atxorrotz mendia dela gehien gustatzen zaidana. Ez dakit zergatik. Baina gustura sentitzen naiz bertan. Mendiaren gainaldea oso polita da eta eroso sentitzen naiz bertan, bere ermitarekin... Deskonektatu egiten dut. Amaren baserria ere mendi horren gonapean dago eta bizi osoan eduki dut aurrean. Gainera, nahikotan joaten naiz. Apartera joan gabe, domekan bertan egon nintzen: bertako jaiak izan ziren, eta erromeriara ezin hutsik egin.

Erromeriazalea zara, ala?
Zertxobait. Parrandak egitea ere gustatzen zait. Denetik egin behar da. Parranda egin behar denean, mendiak itxaron egin dezake. Gauza bakoitzak bere momentua du.

Museoan umeei azalpenak ematen ikusi zaitut. Umeekin ondo konpontzen zara?
Oso ondo. Aurreko urtean, Gasteizen nengoela, Elgeako parke eolikora egiten genituen txangoak eta han eduki nuen umeekin lehenengo hartu-emana. Esker onekoak dira, eta, nik haiei ekarpenak egiten dizkiedan neurrian, haiek ere asko ematen didate niri.

Beraz, umeekin ez zara nekatzen.
Ez, ez. Nik uste dut, agian, batzuetan, haiek arinago nekatzen direla nire azalpenekin.

Lasaia dirudizu. Zerk ateratzen zaitu zure onetik?.
Gauza berrien aurrean estresatu egiten naiz. Neure buruarekin zorrotza naiz.

Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua?
Egia esatearren, ez dakit zehatz esaten nire burua non ikusi gurako nukeen. Izan ere, hemen, museoan, gustura nago. Ingurumenarekin lotutako zereginen baten gurako nuke amaitu. Horrez gainera, momentu oro ikasten zauden alor bat da eta horrek ekarpen handia egiten dit.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak