Beñat Herce, Eskoriatzako Bilduren alkategaia: "Adin desberdineko langile, sindikalista eta erretiratuz osatuko talde anitza gara eta helburua da kudeaketa garden eta parte-hartzailea egitea"

Ander Monedero 2011ko maiatzaren 4a

Politikan berria da Beñat Herce, Eskoriatzako Bildu koalizioko alkategaia. Enpresen administrazio eta zuzendaritza irakaslea da Mondragon Unibertsitatean eta horrek Udala ondo kudeatzen lagunduko duela uste du. Bere bizitzako etapa berri hau ilusioz eta lan egiteko gogoarekin hasi duela esan digu.

 

Soslaia

Aurten 30 urte beteko ditu Beñat Herce eskoriatzarrak. Enpresen administrazio eta zuzendaritza ikasketak egin zituen Mondragon Unibertsitatean, eta orain, unibertsitateko irakaslea da. Jendearekin lan egitea gustuko du eta lanean izandako esperientzia Udala kudeatzeko ondo etorriko zaiola uste du.

Zeintzuk dira Eskoriatzarentzat dituen erronka nagusiak?

Bildu koalizioa osatzen dugunok uste dugu herri euskaldunagoa, ezkertiarrago eta progresistagoa lortzea da Eskoriatzak duen erronka nagusia. Baita ere, inguruarekiko errespetua erakusten duen herria bilakatzea da. Herriak parte-hartze handiagoa izan behar duela uste dugu. Herritarren iritzia jakin eta euren nahia betetzeko baldintza eta erraztasunak jarri nahi ditugu.

Zeintzuk dira herriak dituen arazo nagusienak? Ze irtenbide planteatzen dituzue?

Bi motatako arazoak dituela uste dugu: epe motzean konpondu behar direna eta epe luzekoak. Epe laburreko gaien artean daude: urbanizazio planak, AP-1 autopistako konpentsazio neurriak, bidegorria… Eta epe luzerako, berriz, kultur eta aisialdi dinamika diseinatzea, herriaren garapen jasangarria, etxebizitzak, azpiegiturak… Parte-hartzearen bitartez, herriak dituen erronka hauek aurrera eramatea da guk planteatzen duguna.

Herriaren parte-hartzea nabarmentzen duzu. Zer egingo duzue parte-hartze hori lortzeko?

Eskoriatzako biztanleen iritzia jakin nahi dugu, herritarren arazo eta kezkak ezagutu eta hauei irtenbidea eman nahi diegu. Auzo-batzarrak egingo ditugu, herriko gune eta auzune desberdinetako arazoak ezagutzeko, herritarrek Udala gertuko zerbait bezala sentitzea nahi dugu. Udalari egiten zaizkion kritikak jakin eta horiei buruz hausnartu nahi dugu. Udalak eta herritarrak bat egiten duen Eskoriatza egin nahi dugu. . Egiten duguna herritarrek jakin dezaten, Udalaren webgunearen eta sare-sozialen erabilera handiagoa egingo dugu. 



Nola baloratzen duzue agintaldi honetako Udal gobernua?

Industrialdea, zaharren egoitza, Aranburuzabala kaleko lur-jausia, AHT, krisia… Ez da legealdi erraza izan, eta Udalak ondo erantzun duela uste dugu. Orokorrean lan ona egin dute eta lan onari jarraipena eman behar zaiola uste dugu. 

Zer eskaintzen dio Bilduk Eskoriatzari?

EA, Alternatiba eta herritar independenteek osatzen dugu koalizioa, ez gara alderdi politiko bat, herritarrez osatutako lan taldea gara. Adin desberdinetako langile, sindikalista eta erretiratuz osatuko talde anitza gara eta gure helburua hurrengo lau urteetan kudeaketa garden eta parte-hartzaile bat egitea da.

Koalizioa egin duzue. Indarrak batzeko momentua dela uste duzu?

Euskal Herrian bizi dugun egoerak abertzale eta ezkertiarren batasuna eskatzen du. Benetako aldaketa politiko eta soziala egitea nahi dugu. Herri bat elkarlanarekin eraiki beharra dago. Sentsibilitate, kezka eta iritzi desberdineko pertsonak elkartu gara Eskoriatzak dituen errokak aurrera ateratzeko.


Nola hartu duzu Auzitegi Nazionalak hartutako erabakia?

Bilduk hauteskundeetan parte hartzen ez badu, iruzur elektoral baten aurrean egongo gara. Ez hori bakarrik, Auzitegi Nazionalak euskaldunon oinarrizko eskubideak urratzen ditu. Pertsona guztiok hauteskundeetan egoteko aukera izan behar dugu eta Konstituzionalak gure alde egingo duela uste dut.

Zeintzuk dira zuen programaren ardatz nagusia?

Parte-hartzea, kudeaketa gardena, herri euskalduna… Herriak izango dituen beharrei erantzungo dion Udala da eskaintzen duguna. Gure ideia eta proiektuak herriarekin batera garatu nahi ditugu, herriko eragile desberdinekin elkartu eta proiektuak adostu. Gurekin batera lan egin nahi duten herritarrak entzuteko eta elkarrekin lan egiteko  prest dagoen lantaldea gara.  

Zer da Eskoriatzari falta zaiona? Eta soberan dagoena?

Euskararen ezagutza handia duen herria da Eskoriatza, baina ez dugu behar beste erabiltzen. Euskararen erabilera handiagoa da falta zaiguna. Ez dut uste sobran ezer ez dugunik, baina zerbait aukeratzekotan, herri guztiok dugun arazo bat: zabor gehiegi sortzen dugu.

Zer da herritik gehien gustatzen zaizuna?

Herriko jendea. Herri sanoa gara, denok elkar ezagutzen dugu. Gune berdinetan elkartzen gara eta  batuta dagoen herria garela uste dut.   

Eta gutxien?

Herri txikia, infernu handia esaten da, baina hiri batean baino hobeto bizi garela uste dut.



Nolakoa izango da Eskoriatza hemendik lau urtera?

Gaur egungo gizarte oso aldakorra da eta oso zaila da lau urteren barru non egongo garen esatea. Gutxienez, gaur egungoa bezalakoa izatea gustatuko litzaidake eta zerbait aldatzerakotan hoberako izatea espero dut: sexu, arraza edo erlijio desberdintasunak errespetatzen dituena eta pertsona guztion oinarrizko eskubideak bermatzen dituena. Lana, etxebizitza edo laguntza sozialak eskuratzeko bermea ematen duen herria izatea.

Berria zara politikan. Zer espero duzu?

Politikan zer aurkituko dudan ez dakit, baina asko ikastea eta Eskoriatzaren alde lan egiteko pertsonak aurkitzea espero dut.

Alkate irteten bazara, zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?

Herriaren parte-hartzea sustatu eta eragile desberdinekin bildu elkarrekin hurrengo urteetarako plan estrategikoa garatu. Nolako Eskoriatza nahi dugun jakin eta horra iristeko zer helburu, estrategia eta ekintza bete behar ditugun identifikatzea izango da.

 

Gertutik

Herriko txokorik gustukoena: Herriko plaza.

Herritar bat: Manolo Muñoz, herrian kirolaren alde egindako lan guztiarengatik.

Pertsonaia historiko bat: Pertsonen eskubideen alde borrokatu duen edozein pertsona.

Telebistako saio bat: El Intermedio. Gaurkotasuna umorez lantzen duen programa delako.

Irakurri duzun azken liburua? Carlos Ruiz Zafonen El juego del ángel.

Egunkaririk erosten duzu? Normalean ez.  

Eta irakurri? Zein? Berria eta Gara Twitter bitartez jarraitzen ditut eta Goiena papera irakurtzen dut eta lanarengatik, 5 Días eta Expansión..

Sare sozialetan ibiltzen zara? Bai. Facebook eta Twitter erabiltzen ditut.

Interneten, zertan ibiltzen zara? Denerako erabiltzen dut: lanerako, erosketak egiteko, lagunekin hitz egiteko…

Ze webgune bisitatzen dituzu? Prentsa, banketxekoa, bidai agentzietako webguneak… Ez dut preferentziarik.

Ikusi duzun azken filma?  El último tren a Auswitch.

Abesti bat? Hertzainak taldearen 564

Mania bat? Ez dut maniarik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak