Azken bi urtetan Atxorrotzen egindako indusketa arkeologikoek emandako informazioari tira eginez eta garai hura hobeto ezagutzeko gogoz antolatu dute aurtengo 'Kataia eten barik' egitasmoa. Horrela, erromatar garaiko eta Erdi Aroko ohituren, legeen eta jolasen berri emango dute datorren astean bertan Ibarraundi museoan.
Martitzenean, esaterako, Erromatarrak Euskal Herrian (jantziak, armamentua eta bizimodua) izeneko hitzaldia emango du Cohors Prima Gallicak, 18:30ean. Eguaztenean, berriz, Toti Martinez de Lezeak jardungo du Erdi Aroko euskal gizarteaz eta egubakoitzean erromatar jolasak egongo dira umeendako herriko plazan.
Bisita gidatua domekan
'Kataia eten barik' egitasmoaren barruan, Ezagutu dezagun Eskoriatza eskoriatzarrok izeneko irteera antolatu dute domekarako. Bisita gidatu horretan alberja zaharraren historia ezagutuko dute batetik, Elorretako errota martxan ikusiko bestetik eta Zubiateko ontzigileak nola lan egiten zuen jakiteko aukera ere izango dute animatzen direnek. Ordu pare bat iraungo du bisita gidatuak eta Ibarraundi museotik abiatuko dira 11:00etan.