Eskoriatzako AP1 errepidean argi gabe, atzeraka gidatzen, eta mozkortuta

Xabier Urtzelai 2011ko apirilaren 27a

Martitzen goizaldean Ertzaintzak 26 urteko gazte bat atxilotu zuen Eskoriatzan, lehenago kontrol batetik ihes egin ostean. Gaztea Gasteiztik zetorren, eta ertzainek AP1 errepide irteeran zuten kontrolaz jabetu zenean, autoaren argiak itzali, atzerantz gidatu, eta norabidez aldatu zuen, ihes egiteko asmoz. Ertzainek kilometro batzuk aurrerago atxilotu zuten gaztea; eta hiru aldiz gainditu zuen onartutako alkohol-tasa.

Bergarako komisaldegiko ertzainek Eskoriatzako AP1 errepidearen irteeran jarritako kontrolaz gabetuta, Gasteiztik zetorren BMW 316 autoaren jabeak kontroletik ihes egitea erabaki zuen. Ertzainak despistatu asmotan gazteak autoaren argiak itzali ostean atzerantz gidatzen hasi zen, modu okerrean norabidez aldatuz.

Horretaz jabetuta, ertzainen hiru patruila joan ziren gaztearen atzetik, eta kilometro batzuk atzetik egin ostean lortu zuten gazteak autoa bidebazterrera eramatea. Gazteak, baina, ez zuen autotik irten nahi; indarrez atera behar izan zuten. Herrizaingo Sailaren arabera, orduan jabetu ziren ertzainak autoan zegoen alkohol usainaz, eta alkoholemia proban hirukoiztu egin zuen onartutako alkohol tasa. Lehenengoan 0,71 eman zuen, eta bigarrenean 0,66 (0,25 da onartuta dagoena).

Bide-segurtasuna arriskuan jartzea egotzita atxilotu zuten gaztea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak