Zelatan animatu zinen politikan sartzera?
Jaiotzez ez naiz eskoriatzarra, eta bizi izatera etorri nintzenean gaztea nintzen eta neskato-mutiko txikitxoak nituen. Ikastola martxan jartzeko lan egiten hasi nintzen; gustuko izan dut beti herriaren alde zerbait egitea, eta gogoz sartu nintzen Udalean. Familiari agindu nion herriaren alde egingo nuela lan, baina alderdi batera afiliatu barik.
Nola gogoratzen duzu hasiera?
Gogorra izan zen. Julian Urtzelai alkate zela, urte nahasiak bizi izan zituzten udal barruan. Sartu ginenean, pertsonal sailean, gure gustukoa ez zen Udala topatu genuen. Hirigintza arduradun izendatu ninduten, eta bulegora sartu nintzenean planoak lurrean aurkitu nituen. Lehenengo, udaletxea ordenatu behar izan genuen; artxibo eta planoez gain, langileak ere ordenatu genituen. Orduan ez zegoen orduen kontrolik, eta gogoratzen naiz hasieran ondo hartu ez bazuten ere jarraian ohitu egin zirela.
Ze oroitzapen dauzkazu?
Askotan gogoratzen dut Eskoriatza eta Aretxabaleta arteko saihesbideko lurrak bota zirela Torrebaso gainean, eta 1988ko martxoaren 19an izango zen, zabortegia oraindik asentatu barik zegoela eta lurrak mugitzen hasi zirela. Almengo kiroldegia presioarekin apurtu egin zen; zorionez, ez zen ezer gertatu. Horren ondotik, zabortegi gainean aurreikusita zegoen kiroldegiaren proiektua bertan behar utzi genuen.
Bestalde, denbora hartan, alderdi guztietako ordezkariak elkartzen hasi ginen eta denon artean proiektuak adosten hasi ginen. Egunero lanera joaten ginen, eta arratsaldean udaletxera etortzen ginen. Batzuetan, etxera gauerdian iristen baginen ere, gazteak ginen eta gustura geunden.
Zein izan zen agintaldiko proiektu esanguratsuena?
Plan partzial berria egin genuen; hegoaldeko sarreratik Aingeru Guardaraino. Eskoriatzako nortasuna eta aurrera begirako bideak zehaztu ziren. Intxaurtxuetako etxebizitzak lortu genituen. Bestalde, aurreko proiektu batean Ibarraundi baserria botatzea aurreikusita zegoen, etxebizitzak egiteko. Hori berritu genuen. Isabel Guridik paper garrantzitsua izan zuen horretan. Horretaz gain, alde zaharra eta gune industrialak garatu genituen;. Ederlan parekoa eta Aingeru Guardakoa.
Garai hartan autobidearen gainean ere jardun genuen. Lehenengo proiektuak aurreikusten zuen Bolibartik joatea; ingurune polita mantendu nahian, Aretxabaletakoekin egin genuen berba eta negoziazioei esker aldatzea lortu genuen. Hirigintzari dagokionez, agintaldi garrantzitsua izan zen.
Nolakoa zen garai hartako Eskoriatza?
Helburua zen biztanle kopurua 4.000ra igotzea. 1986an 3.900 pasatxo zeuden eta 1991n, 3.800 pasatxo. Lantokiak lortu eta etxebizitzak egin genituen horretarako, baina, hala eta guztiz ere, ez genuen lortu. Egun ere, antzera dabil.
Zerbait egin genuen txarto, Eskoriatzan eta Debagoien osoan porlan gehiegi dago. Gure proiektua izan bazen ere, penagarria da erreka porlanarekin bideratzea. Errekaz ezin dugu gozatu.
Ze behar zituen herriak?
Gasa behar genuen; borroka handiarekin, baina lortu egin genuen sartzea. Bestalde, txikitxoekin, ikastola eta eskola publikoa elkartu nahi genituen, munizipala bezala. Soziologikoki bi nukleo zeuden. Azken momentuan, baina, atzera egin zuten. Bestalde, Iberduero eta Telefonicarekin hitzarmena sinatu genuen kable guztiak lur azpitik joateko.
Amaitu aurretik: zelan ikusten duzu gaur egungo Eskoriatza?
Gustatzen zait, herri lasaia da. Eskoriatzak nortasun propioa du. Baina asteburuan ez dago bizitzarik. Lokal publikoak, esaterako, itxita daude; nik zabalik izango nituzke.