Zer-nolako eragina dute uhinek gizakiengan?
Zientzian dagoen eztabaida nagusia sortzen du gai horrek. Legeek diote ionizatzaileak ez diren uhinetan eragina termikoa bakarrik dela. Gradu batetik gora berotuz gero, azaletik zentimetro batera kaltegarriak direla onartzen du. Zientzialari talde handi batek, dena dela, uste du eta ikerketekin frogatu du bestelako eraginik ere badutela: buruko minarekin eta lo egiteko zailtasunarekin hasten da hori.
Etxeetan erabiltzen ditugun tresnek eremu elektromagnetikoak sortzen dituzte. Zeintzuk dira adierazgarrienak?
Esaterako, instalazio elektrikoa begiratzekoa da. Azken urteotan, dena dela, mikrouhinek sortu dute polemika handien. Ezagutza falta dago horren harira. Hari bako telefonoetan, energia aurrezteko aitzakiarekin, hitz egiten duzun bitartean emititzen dituztenak merkaturatu dituzte orain; beste batzuek ere, beti basean egonda, emititzen dituzte. Komeni da horiek distantzia jakin batera izatea.
Wi-fiarekin ere berdin gertatzen da. Haren emisioa ez da oso indartsua, baina 24 orduz piztuta izan eta gauean ohetik gertu izanez gero, arazo bihur daiteke. Poltsikoko telefonoarekin berdin gertatzen da. Ez da komenigarria ohetik gertu piztuta izatea; itzali edo lineaz kanpo utzi beharko genuke. Hainbat minutun behin, gertuen dagoen antenarekin konektatzen dira, deirik ez badago ere.
Lehengo hodi-telebistek ere frekuentzia txikiko kutsadura sortzen dute, atzerantz eremu elektromagnetiko handia sortzen dute eta arazoak eman ditzake ondoko gelan edo etxebizitzan. Horiei guztiei, etxe kanpokoak gehituko zaizkie.
Zelan jokatu behar dugu horien aurrean?
Dosia kontrolatu beharra dago; bakoitzaren esku dago hori. Gaur egun guztiok daukagu poltsikoko telefonoa, eta erabiltzea gustatzen zaigu. Baina jakin behar dugu noiz eta zenbat denboran erabiliko dugun. Esan behar duguna esan eta hizketaldia luzatzen baldin bada, hariko telefonotik deitzea izan daiteke irtenbidea. Askotan, kanpoan dauden antenekin eta horrelakoekin paranoia sortzen da, eta benetako arazoa etxe barruan dugu.
Eta ez gara jabetzen kaltegarriak izan daitezkeela...
Nik zalantzan jartzen dut hori; ez dugu zalantzan jarri nahi gure erosotasunerako dendan erosten ditugun gailuak kaltegarriak izan daitezkeela.
Araudi batetik bestera alde handia dago horren harira, ezta?
Hala da. Esaterako, goi tentsioko lineendako hemengo muga 100.000 nanotesla da eta Suedian, lan araudian, gehienezko balioa 250 nanotesla da. Telefonia mugikorrean berdina da. Lege komuna egin beharko litzateke, baina presio handia dago horren harira.
Bestelako aholkurik?
Higiene elektromagnetikoa bultzatu behar dugu. Dosia kontrolatzean, distantziak neurtzean, gaueko emisioak zaintzean eta babes neurriak erabiltzean datza, besteak beste. Azken horren harira, poltsikokorako, esaterako, gailu bereziak daude. Kasu larrietan, gelak babes daitezke.