Hango patronoen juntako kide eta PSE-EE alderdiko zinegotzi Iñaki Pierruguesen arabera, "demokratikoagoak eta parte-hartzaileagoak" dira estatutu berriak. Historikoki fundazioko presidentea herriko abadea edo alkatea izan bada ere, estatutu berriek kargu horren izendapena patronoen juntak erabaki dezala aurreikusten dute; Pierruguesen arabera, "organo horren izaera presidentzialista desagertzen da". Horretaz gainera, honako kideek osatuko dute esandako junta: Olazar erretiratuen elkarteko eta elizako kide bana, zaharren egoitzako langileen eta han bizi direnen edo haren senitartekoen ordezkari bana. Bestalde, estatutu berrien arabera, Udalean ordezkatuta dagoen talde bakoitzak ere kide bat izan ahalko da patronoen juntan. Orain arte, herriko abadeak, alkateak, Udaleko gizarte-ongizateko arduradunak, hiru eskoriatzarrek, erlijio-elkarteko ama nagusiak eta egoitzako zuzendariak osatu izan dute esandako junta.
Jose Arana fundazioa
Bestalde, fundazioaren izena aldatzea ere onartu zuten. Patronatuaren sortzaileen borondatea berreskuratu nahi izan dute, Jose Arana izena jarrita. Estatutu hasieran gogorarazten da Eskoriatzako herriari utzitako legatua (1908. urteko 200.000 pezeta) edateko ur-horniketa sarerako, ikastetxerako eta ospitalerako bideratu zela. Horrela, gaur egun gizarte-ongizate bezala ezagutzen dugunaren oinarrizko pilareen eraikuntzan aitzindaria izan zen Arana.