Lehen laurdena oso parekatua izan zen, intentsitate handikoa. Eskoriatzarrek defentsa ona egin zuten eta eginiko presioari esker, Rasoren neskek euren jokoa ezartzea lortu zuten. Horrela, baloi ugari lapurtu zituzten eta arerioaren kanpo jaurtiketak oztopatzea ere lortu zuten. Eskoriatzarrek jarritako joko indartsua, hiru puntuko aldearekin amaitu zen lehen laurdena (20-17).
Bigarren laurden erabakiorra
Partiduaren gakoa bigarren laurdena izan zen. Tecnun taldeko jokalari garrantzitsuenak lehiatik ateratzea lortu zuten Eskoriatzako neskek eta kanpotarrek saskiratze gutxi egin zituzten. Horrela, zati horretan lortu zuten eskoriatzarrek abantaila nabarmena (37-26).
Eskuratutako abantaila horri eusten saiatu ziren ondorengo laurdenetan ere. Horrela, 16 puntuko aldea izatera ere iritsi ziren hirugarren laurdenean. Hain justu, orduan neskak urduri jarri eta minutu dezente egon ziren saskiratzerik lortu gabe. Arerioak hori ondo aprobetxatu zuen eta sei puntura murriztu zuen aldea. Hala ere, Rasoren neskek defentsa onarekin jarraitu zuten eta izandako beherakada hori bi jaurtiketa librerekin gainditzea lortu zuten. Hor lortu zuten eskoriatzarrek berriz aurrera egiteko indarra. Azkenean, 71 eta 58 Eskoriatza garaile.
Helburua beteta
Raso entrenatzailea pozik zegoen partiduaren amaieran: "Oso pozik nago neskek egin duten lanarekin. Oso partidu garrantzitsua zen gaurako eta indar handia erakutsi dute. Gainera, gure helburua da lauko finalerako hirugarren gelditzea sailkapenean. Izan ere, lehenengo doan taldea oso indartsua da eta laugarren gelditzen denak bere aurka jokatu beharko du lauko finalean. Hori saihestu nahi dugu eta gaur irabazita hirugarren gaude sailkapenean". Gelditzen zaizkien azken bi norgehiagokak irabaztea ere garrantzitsua izango da helburu hori lortzeko, partidu bat galduz gero Tecnun aurreratuko zaie-eta.