Soslaia |
|---|
|
Urretxuarra jaiotzez, 48 urte ditu eta bikotea badu ere, ezkondu barik dago. Ez du seme-alabarik. Abokatua da 1986a ezkero; genero indarkerian, inmigrazioan eta zuzenbide penalean espezializatuta dago. Gaur egun PSE-EEko bozeramaile da Urretxuko Udalean. |
Zelatan Eskoriatzako PSE-EEko zerrendaburu?
Konpromiso politikoa hartu duen gizona naiz, eta ahal dudan neurrian, herritarren ongizatea hobetzeko lan eging dut. PSE-EE taldearekin eta gizartearekin hartutako konpromiso horren harira, udalean lan egiteko gertutasuna azaldu nuen eta nire alderdiak Eskoriatzako zerrendaburu izatea proposatu zidan. Harrotasunez eta arduraz hartzen dut erronka hori, nire kudeaketan itzalak baino argiak egongo direla itxaropenarekin.
Zein da PSE-EEren proiektua Eskoriatzarako?
Herritarren egunerokotasuneko beharretara erantzuten dion proiektua aurkeztu dugu. Garai ekonomiko berri honetan, gure helburua da Eskoriatzako udalerria lehiakorra egitea, estrategikoak diren proiektuei lehentasuna ematen eta helburu sozialak dituen ekonomia produktiboan inbertitzen. Biztanleriak behera egin du Eskoriatzan; eta, bestalde, ia 200 lagun daude lan barik, horietako asko zerbitzuetakoak dira. Langabeen sexuari dagokionez, alde handirik ez dago, baina arduratzekoa da 25 eta 44 urte artekoen artean dagoen langabezia tasa.
Zer behar du Eskoriatzak?
Batetik, demokraziaren eskolan bilakatzeko beharra du. Eusko Jaurlaritza eta Diputazioarekin harremanak berreskuratzeko beharra ere badu. Diputazioak ezin du udalerria ahaztu. Horretaz gainera, ezin daiteke Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Akordiotik kanpo geratu, etxebizitza libre ordaindu ezin duten gazteei alokairuzko etxe babestu batean sartzeko aukera kenduz. Bestalde, zaharren egoitzako segurtasun ekonomikoa bultzatu behar da, alarma faltsuak ekidituz.
Eskoriatzako alkate irten ezkero, zertan hasiko zinateke lan egiten?
Lehenik eta behin, herriko elkarteei deituko nieke, Udalaren egoera ekonomikoa aztertzeko eta gobernuaren programa azaltzeko. Horren harira, proposamenak jasotzeko epea zabalduko nuke, Eskoriatzako herritarren gehiengoak babestutako programa zehatza egiteko. Modu horretan, kudeaketa gardena eta parte-hartzaileari hasiera emango genioke.
Asmo horrekin aurkezten gara udal hauteskundeetara: zerbitzu publikoaren bokazioarekin eta herritarren interes orokorra babesteko asmoarekin.
Zelan ikusten duzu Eskoriatza ikuspuntu ekonomikotik?
Arazo ekonomiko larria du. Udal erakundeei eragiten dion krisi ekonomikoan gaude sartuta; agintaldi honetan Diputazioak bultzatutako bazterketarekin larritu egin da egoera hori. Horrek Udalaren zorpetzea eragin du, eta hainbat ekipamenduen etorkizuna baldintzatu du; horren harira, zaharren egoitza nabarmenduko nuke. Izandako arazo ekonomikoei Diputazioak agindutako laguntza heldu ez izana gehitu behar zaio kasu horri. Bestalde, 2009 eta 2010ean martxan jarritako Zapatero planei esker 1.141.000 euroko kostua izan duten inbertsioak egin dira herrian; 12 proiektu inguru egin dira diru horrekin.
Eta hirigintza aldetik zelan ikusten duzu?
Talde sozialistak babestu eta adostu ditu Elorretan alokairuan jarriko diren babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko proiektua, Aranburuzabalako kaleko magalaren lurjausia konpontzeko egindako lanak, San Pedro auzoa ostera ere urbanizatzeko proiektua eta Eibar eta Gasteiz arteko autobidearen lanek eragindako kalte ordainak. Sozialistok etxebizitza publikoen sarbidea ahalbideratuko duten proiektuak bultzatzen jarraituko dugu, eta ingurumenarekin egokiak eta jasangarriak diren promozio urbanistikoak bultzatuko ditugu, eskoriatzarren beharrak kontuan hartzen diren bitartean.
Amaitzear dagoen agintaldian, Iñaki Pierruguesekin ordezkatuta egon dena, Industrialdea sozietatearen likidazioa eta horren harira zeuden arazo ekonomikoak defendatu ditu PSE-EEk, baita zaharren egoitzaren egoera zuzendu, Oñatiko hiltegiaren biziraupena bermatu, Elorretako alokairuzko etxeak eskaintzeko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioa, Aranburuzabalako lanak, AP-1 eraikitzeak eragindako konpentsazio neurriak, Eskoriatzako iparreko magala babesteko plan berezia, Axtroki eta Aitzorrotz inguruneak babestea, Zaldibar Antzokiaren proiektua, eta ura eta energia aurrezteko proiektuak.
Zer da Eskoriatzatik gehien gustatzen zaizuna?
Garai berrietara eta lehiakorra izateko ahalmena da gehien gustatzen zaidana; horrekin batera, herritarren ongizatea jokoan dagoenean, hainbat posizio alderdikoi alde batera utzi eta akordioak lortzeko gai da.
Eta gutxien gustatzen zaizuna?
Utzikeri politikoa eta askatasun publikoen defentsan egon den axolagabetasuna.
Amaitu aurretik, zergatik zabiltza politikagintzan?
Politikak gauzak demokratikoki aldatzeko, beharrei lehentasuna emateko eta arazoei irtenbideak topatzeko aukera ematen du. Pertsonen bizitza hobetzeko balio du eta udal politika, udalerriaren oraina eta etorkizunaren parte izatea izan nahi du; agente aktiboa da herri oso baten amets orokorrak bete daitezen.
Gertutik |
|---|
|
Herriko txokorik gustukoena: Mendiola eta Aitzorrotz. Herritar bat: Jose Arana. Testamentuan 200.000 pezeta utzi zizkion Eskoriatzako udalerriari. Pertsonaia historikoa: Felipe IV. Aretxabaleta eta Eskoriatza arteko bereizketaren zedula sinatu zuen, gaur egungo elizateak sortuz. Telebistako saio bat? National Geographic edo Canal Historiako edozein. Sare sozialetan ibiltzen zara. Non? Facebook perfila daukat. Interneten zertan ibiltzen zara? Informazioa topatzeko eta urruti dauden pertsonekin harremanetan egoteko erabiltzen dut. Dena dela, pertsonekin parez pare egotea nahiago dut. Egunkaririk irakurtzen duzu? El Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa eta Público. Irakurri duzun azken liburua? Ken Folletten La caida de los gigantes. Abesti bat? John Lennonen Imagine eta Frank Sinatraren My May. |