Getariako Txakolineko ekoizpena eta Pates Zubia, Madrilgo Gourmet jaialdian

Leire Kortabarria 2011ko apirilaren 6a

Europako kalitatezko gastronomiaren erreferente den azoka profesionalak, 25. Gourmet Jaialdiak, Kalitatezko Elikagai eta Edarien Azokak, Euskal Herriko 40tik gora enpresa ekoizle hartuko ditu 11tik 14ra Madrilen, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketa, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren erakusmahaian (4 B26 erakusmahaia). Debagoiena ere ordezkatuta egongo da: Getariako Txakolina izendapena –non hainbat ekoizle debagoiendar dauden– eta Eskoriatzako Pates Zubia enpresa han izango dira.

Ekintzetako bat izango da enpresek hainbat berritasun aurkeztea.

Hala, Eskoriatzako Pates Zubiak bere produktuak gordetzeko bilkari mota berri bat aurkeztuko du.

Erakusmahai horretan ikusgai egongo diren enpresa eta produktuekin batera promozio eta ekintza bereziak ere egingo dira; besteak beste, zuzeneko sukaldaritza erakusketak, Gamarrako Goi Mailako Sukaldaritza Eskolatik; hamabost minutuko erakusketa horietan, pintxoak prestatuko dituzte bertako lehengaiekin, edo platerak, 2011ko Gourmet Jaialdian sustatuko diren Euskadiko IV eta V gametako produktuekin.

Horrez gain, Ardo Galeria ere egongo da Euskadiko erakusmahaian; bertan, Arabar Errioxako ardoak eta erakusgai egongo diren upategietako txakolina dastatu ahal izango dituzte bisitariek. Sommelier aditu bat egongo da bertan uneoro.

Gama altuko elikagaiak

Gourmeten Klubaren Nazioarteko Jaialdia orain 25 urte sortu zen, gama altuko elikagaien egile eta kontsumitzaileen topaketa izateko asmoz, baina jarduera-programa zabala eskaintzen du: mahai-inguruak, hitzaldiak, erakusketak, lehiaketak, eztabaidak eta txapelketak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak