Juan Luis Merino, EB-Berdeak alderdiko Eskoriatzako alkategaia: "Gure proposamena da egoitza publikoa izan dadila %100ean"

Ubane Madera 2011ko apirilaren 5a

San Juan egunean 47 urte egingo ditu Juan Luis Merinok. Eta 47 urteotatik ia erdia eman du politikagintzan, 1990. urtetik dago-eta Espainiako alderdi komunistara afiliatuta; are gehiago, alderdiko batzorde federaleko kide da, Madrilen. Hortik eratorrita da gure ibarreko Ezker Batuko koordinatzaile, gaur egun. Pertsonen arteko berdintasuna da bere kezketako bat.

Soslaia

Juan Luis Merino, Eskoriatza (1964). Ikasketak FP1 elektronika. Fagor Etxetresna elektrikoetako bazkide da. Ezkonduta dago eta bi seme ditu. 1990. urtetik dago afiliatuta Espainiako Partidu Komunistara eta baita Ezker Batura ere.

Zer gura du Ezker Batuak Eskoriatzarako?

Berdintasuna, ahalik eta elkarbizitzarik normalizatuena eta eskubideak eta aukerak guztiondako.

Zure ustez zeintzuk dira Eskoriatzaren premia nagusiak? 

Langabetuen beharrak asetu, %10-%11ko langabezia dugu. Nagusien egoitzaren kasuan, berriz, arazoa konpontzea. Eta orokorrean Agenda 21a sakonago lantzea. Hauteskundeak datozenean guztiok berba egiten dugu Agenda 21en gainean, eta gauza batzuk egiten dira, baina oso poliki. Nik sortuko nuke herritarren konberjentzia mahai bat, herritarrek proposatzeko Agenda 21en eta iraunkortasunaren gaineko proposamenak. Bestalde, herritarren parte-hartzea bultzatzeko araudia ere beharrezkoa ikusten dut. Alderdi guztiok egiten dugu horren gainean berba, baina gero ez da gauzatzen. Aparkaleku arazoa ere larria da Eskoriatzan, automobil gehiegi ditugulako.


Azken horren harira, esaterako, TAO ipiniko zenuke, Bergaran moduan?

Ez, ez da hori. Eskoriatzan ez dago leku nahikorik ditugun automobil guztiendako. 

Hortaz, zigortu egingo zenuke auto larregi izatea?

Ba akaso bai. Baina orokorrean uste dut garraio publikoa bultzatu beharko litzatekeela. Eta etxebizitza bakoitzeko auto bat ondo legoke, adibidez. Baina ez etxebizitza bakoitzeko bost auto.

 Egoitzari dagokionez, zein irtenbide ikusten dio Ezker Batuak?

 Orain egin behar dena guztiz zaharkituta dago gure ustez: fundazioa sortu. Egoitzaren kargu arlo publikoa izan beharko litzateke, Diputazioa eta Udala. Orain egin gura duten fundazioan Eliza ere egon behar da. Gure ustez erakunde publikoek nagusien ongizatea bermatu egin beharko lukete. Gure proposamena da egoitza publikoa izan dadila %100ean.


Zergatik ez zaio Ezker Batuari Zaldibar aretoaren proiektua gustatzen?

Ez da hori. Ez dugu ulertzen herriaren beharrak ikusita, milioi bat euro areto horretan gastatzea. Proposatzen duguna da egoera hobetu eta krisia gainditu arte proiektua geldiaraztea.

Horrenbestez, zertan gastatuko zenukete milioi euro hori?

Egoitzan inbertituko genuke. Behintzat Visesak Santa Marinako etxeengatik ordaindu behar dituen 600.000 euroak, bai. Izan ere, milioi euro horretako 600.000 euro hortik datoz. Gainontzeko 400.000 euroak, berriz, Espainiako gobernuaren planetik datoz, eta horiek ezingo lirateke egoitzarako erabili. 

Zer gustatzen zaizu gehien Eskoriatzatik?

Lasaitasuna. Era berean, baina, badakit gazteek ez dutela nora joan eta zer egin asteburuetan.

Eta gutxien?

Hainbat herritarren hipokresia. Gutxiengoa da, hala ere.


Zergatik zaude politikagintzan?

Ba egia esan, etxean gurasoak ez ziren oso politika-zaleak, baina bai aiton-amonak. Gerran, galtzaileen bandotik zetozen; neu ere gaiarekin interesatzen hasi nintzen, eta hementxe nago.

Zelako Eskoriatza amesten duzu?

Koloretan erantzungo dizut: gustatuko litzaidake herri gorri, berde, bioleta eta zuria. Gorria ezkertiar izateagatik, berdea iraunkortasunarengatik, bioleta berdintasunarengatik (gizon emakume eta gizakiok orokorrean gure artean) eta zuria bakearengatik.

Alkate izango bazina zer da egingo zenukeen lehenengo gauza?

Udalaren oinarrizko zerbitzuak munizipalizatu: kale garbiketa, kiroldegia, lorategia… Eta lana sortzeko enpresa publiko bat sortuko nuke.

Gertutik

Herriko txokorik gustukoena: Atxorrotz, eta Apotzaga ere asko gustatzen zait.

Herritar bat: Inor ez, eta guztiak.

Pertsonaia historikoa: Rosa Luxenburgo eta Nelson Mandela. Gehienbat erakutsi duten erresistentziarengatik.

Telebistako saio bat: Orokorrean informatibo mordoa ikusten ditut, edozein katetan.

Sare sozialetan ibiltzen zara?: Bai, Facebooken.

Irakurri duzun azken liburua: La hija del artillero, Dolores Ibarruriren bizitza ez politikoaren gainekoa.

Egunkaririk erosten duzu?: Bai, Publico erosten dut, eta gaurtik aurrera La Voz de la Calle ere bai. Digitalean dago hori, baina orain paperean ere aterako dute. Publico baino ezkertiarragoa da.

Baina irakurri, zeintzuk irakurtzen dituzu?: Eskuetan harrapatzen ditudan guztiak, El Diario Vasco, Gara…, kirol egunkariak izan ezik, horiek gorroto ditut.

Interneten zertan ibiltzen zara?: Caos en la Red, Rebelión, Gramma (Kubako egunkaria)… gune alternatiboak bisitatzen ditut. BOEn ere ibiltzen naiz, lanaren kontura

Ikusi duzun azken filma: Las invasiones barbaras (Denys Arcand). Ikusi dudan hirugarren aldia da.

Abesti bat: Edozein musika mota, Aute, Queen, Deep Purple, Barricada… ez daukat abesti zehatzik.

Mania bat: Emazteak dio asko ditudala, baina akaso ezin direla aitortu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak