Aho batez onartu du udalbatzak kiroldegia 'Manuel Muñoz' izatea

Mirian Biteri 2011ko apirilaren 1a

Intxaurtxuetako Udal Kiroldegia Manuel Muñoz deituko da. Horrelaxe erabaki zuen eguazten iluntzean egindako osoko bilkuran udalbatzak. Udal ordezkari guztien aldeko botoa jaso zuen Eskoriatza Kirol Elkarteak egindako eskaerak

Hilaren 20an zendu zen 30 urte baino gehiagoan Eskoriatza Kirol Elkarteko presidente Manuel Muñoz. Urte horietan guztietan egindako lana aitortu eta eskoriatzarren oroimenean betiko gera dadin kiroldegiari haren izena jartzea proposatu zuen joan den astean elkarteak.

Muñozen "bigarren etxea"

Kiroldegiari izen hori jar dezatela eskatzeko, gainera, sinadurak batzen ibili dira, eta eguazteneko osoko bilkuran 800 sinadura inguru eman zizkion elkarteko kide Pepe Gomezek Kirol zinegotzi Ander Agirianori. Gomezek gogorarazi zuen Manolo Muñozen "bigarren etxea" zela kiroldegia, eta hasieran Eskoriatza "inork" ezagutzen ez bazuen ere, Kordobako Peñarroya-Pueblonuevo herritik etorritakoaren lanari esker Eskoriatzako herria "gorenera" eroan zuela.

Haren esanetan: "Omenalditxo moduan kiroldegiari haren izena jartzea proposatzen dugu, merezi zuen-eta". Kirol elkarteko kidearen hitzak baieztatu zituzten udalbatzako kideek. 

Agirianok jakinarazi zuen batzorde txiki bat osatuko dela  horren gaineko zehaztasunak lotzeko. Momentu hunkigarriak ere bizi izan ziren osoko bilkuran, Agirianok haren omenez bertso bi abestu zituen-eta. "Presi-ari" eskerrak eman nahi izan zizkion, "gizon handia" izateagatik eta elkartea "zuzen" gidatzeagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak