Sorkuntza eta kulturaren etorkizuna bermatzeko egile eskubideen garrantziaz jardun duzu.
Jabego intelektualaren eta sortzaile eskubideen gainean aritu naiz Huhezin egin dudan hitzaldian. Ikasleak bi aspektu hauek duten garrantziaz ohartarazten saiatu naiz.
Garrantzitsua da bai sorkuntza eta kulturaren etorkizunari begira, eta baita sortzaileek sortzen jarraitzeko behar beste diru sarrera izan dezaten ere.
Gaia izan da: La propiedad intelectual y los derechos de autor: el salario de los creadores. Sortzaileak egile eskubideez bizi dira?
Are gehiago, egile eskubideak sortzaileen soldata dira. Kudeaketa taldeetan biltzea erabaki zuten duela urte asko, kolektiboki euren soldatari eusteko bide bakarra zelako. Kulturaren langilegoa osatzen dute.
SGAEk oso irudi txarra du gizartean, baina, hala ere, 100.000 bazkide inguru ditu Espainian.
Bai, taldeak duen irudi txarraren atzean enpresa talde handien eta lobby politikoen eskua dagoela esan daiteke, baina errealitatea zera da: guk indarrean diren legeak aplikatu baino ez ditugu egiten eta horrek ahalbidetzen du sorkuntzaren eta sortzaileen etorkizuna.
Horren ondorioz, sortzaileek euren laguntza agertzen digute; hala, dagoeneko ia 100.000 elkarkidek egin dute apustu kudeaketa kolektiboaren alde SGAEn, gainontzeko kudeaketa entitateak (AIE, CEDRO, AISGE, VEGAP...) alde batera utzita.
Zenbat obra dituzue erregistratuta eta zenbat bazkide zarete?
Euskadin ia 4.000 elkarkide gara, eta Espainia mailan, esan bezala, ia 100.000. SGAEk guztira daraman errepertorioa hiru milioi erregistrokoa da, betiere gure esparruari dagokionez: musika, gidoi dramatikoak, ikus-entzunezkoak eta koreografiak.
Nola egiten du lan SGAEk?
Alde batetik, egile eskubideen kontzeptuan dagokigun bilketa egiten dugu, gerora, sortzaile elkarkideengan diru sarrerak banatzeko edota kultura proiektu ezberdinetan inbertitzeko. Administrazio gastuak kenduta (%10), gainontzeko guztia bi helburu horiei eusteko erabiltzen dugu.
Nola banatzen dituzue kanonaren bidez jasotako irabaziak?
Kultur Ministerioak ezartzen ditu bideak eta tarifak. Kopia pribatua existitzen denez, konpentsazioa edo kanona ere existitzen da. Eta horren banaketa da: %75 sortzaileentzat, %20 kultura egitasmoentzat eta gainontzekoa administrazio gastuak dira.
Orain, Europatik datorren jurisprudentzia berrian txertatu beharra dago zio hori, baina hori botere legegilearen lana da.
Egile eskubideek zenbat urtetako iraupena dute eta zeintzuk dira eskubide horiek zehazki?
Autorea hil eta gero 70 urte irauten dute eskubideek, eta 80 urte erregistroa 1987a baino lehen gauzatu bazen. Musika erregistro ezberdinek, gidoi dramatikoek, ikus-entzunezkoek eta koreografiek sorrarazten dituzten eskubideez dihardugu, gure kasuan.
Zaila da jendeari ikusaraztea kulturagatik ordaindu egin behar dela?
Europako beste zenbait herritan ez da zaila. Espainia mediterraneoa da eta pikarokeriak tarte eta tradizio zabala dauka. Beraz, bai, ordaindu egin behar dela ikusaraztea oso zaila da.
Dena den, hausnarketa sakona egin beharra dauka gizarteak kultura eta sorkuntza bideragarria izatea nahi badugu. Bestalde, kasu askotan dohainekotzat jotzen da, berez, erakunde publikoek zergen bitartez atzetik ordaintzen dutena.
Diskoen prezioa merkatzeak pirateria geratuko luke?
Eztabaida hori agortuta dago. Garai batean lagungarri izango zen, baina orain bitarteko berriak eta bereziki Interneteko euskarrien garapenari buruz hitz egin behar da. Hori da etorkizuna; alegia, orain ilegalki egiten dena, euskarri legala eta garatua bilakatzea.
Zein da SGAEk deskargetarako proposatzen duen eredua?
Mundu garatua deitzen den horretan hainbat herrik eskaintzen duten Interneteko salerosketa legalaren bidea defendatzen dugu. Espainiako Estatua mundu mailan pirateria gehien praktikatzen duten bosten artean dago, eta hori lotsagarria da benetan. Txina, India, Mexiko eta Kanada daude zerrenda horretan...
Kultura txikietan, adibidez gurean, nola eragiten dute egile eskubideek?
Neurriak laster ez badira hartzen, kultura handiek bakarrik eutsiko diote eta kultura txikiak desagertzeko arriskuan izango dira. Une honetan euskal sorkuntzari pirateriak egiten dion kaltea itzela da. Galdetu, bestela, euskal sortzaile eta elkarkideei. Ea zer iruditzen zaien disko bat aurkeztu bezain pronto, guztientzat eskura egotea jaitsiera ilegalen bitartez...
Gurera etorrita, zenbat ordaintzen diote Debagoieneko udalek SGAEri?
Informazio hau Datu Babeserako Legediak aurreikusten du. Prozesuak eta bermeak errespetatu beharra dago.
Ongintzazko jaialdietan dirua biltzeak ez du SGAEren irudia kaltetzen?
Autoreak espresuki uko egiten badie egile eskubideei, SGAEk ez du parterik hartzen jaialdi horietan.
Zalantzagarria da, dena den, ongintzazko jaialdi eta antzerakoei buruz ari garenean, zalantzan jarzea autorearen diru-sarrera bakarrik, eta ez jaialdi hori bideragarri egiten duten beste horrenbeste entitate pribatu eta enpresen diru sarrerak, adibidez.