Manolo Muñoz hil da

Xabier Urtzelai 2011ko martxoaren 22a

Eskoriatzako kirolaren alde lan gehien egin duen gizona hil zen atzo, Donostiako Ospital Onkologikoan. Muñozek 32 urte egin zituen Eskoriatzako kirol Elkarteko presidente moduan, eta errekonozimendu modura Gipuzkoako Diputazioak 2007ko Kirol Saria eman zion. 2009an, berriz, Debagoieneko Kirol Sarietako protagonistetako bat izan zen, saria jasotzearekin batera ikusleak hunkitu zituen berbaldia eginda. 

Azken urteak gaixotasun larri baten kontra borrokan egin ditu Manolo Muñozek, baina horrek ez dio eragotzi, besteak beste, Eskoriatzako saskibaloiaren edota areto futbolaren alde lanean jarraitzeko. Kirola maite zuen Muñozek, baina horren gainetik –eta jaiotzez kanpotarra izan arren– Eskoriatza maite zuen: "Horren ondo hartu nauen herria". Debagoieneko kirol Sarietan (2009) saria jasotzera taulagainera igo zenean, mikrofonoa eskuan hartu, eta eskerrak emanaz berbaldi ederra bota zuen, kirolaren, jendeak erakutsi zion maitasunaren eta Eskoriatzaren alde. Txalo artean itzuli zen bere jarlekura.

Gizon estimatua

Muñoz gizon estimatua zen, baina ez Eskoriatzan bakarrik. Aurrekontu oso txikiarekin Eskoriatzako kirol elkartea ahalik eta urrunen eramaten ahalegindu zen. Eta, klub xumea izan arren, inoiz ez da kikildu hitzordu handien aurrean: ACB mailako saskibaloi taldeak Eskoriatzara ekartzeko, lagunartekoak antolatzeko, hainbat txapelketetako finalak herrira ekartzeko... denerako gertu zen Muñoz. Hala, Debagoieneko kirolaren alma mater-etako bat hil da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak