Udal agirien hizkuntza neurketak dio aurrerapausoak izan direla, baina lanean jarraitu beharra dagoela

Mirian Biteri 2011ko martxoaren 16a

Urtero bezala, euskararen idatzizko erabileran aurrerapausorik izan den aztertzeko asmoz, Udalak iazko alkate erabakien eta udal erregistroko sarrera eta irteera agirien hizkuntza neurketa egin du.

Alkate erabakiei dagokienez, %79,4 euskara hutsean idatzita daude, %0,2 gazteleraz, eta %20,4 ele bietan. Aurreko urteko datuekin alderatuta, eboluzioa ona izan da; batetik, euskara hutsean idatzitakoen kopurua oso altu mantentzea lortu dutelako, eta bestetik, idatzi bi baino ez zirelako egin urte osoan gaztelera hutsean.

Udal erregistroko irteeren atalean, %46,2 euskara hutsean izan dira, gazteleraz %0,1 eta ele bietan %53,6. Kasu horretan ere aurrerapausoak izan dira. Euskara hutsezkoen kopuruak gora egin du laugarren urtez jarraian.

Sarreretan zeregin handia

Bestalde, Udalak jasotako idatzien %20,8 euskaraz izan dira, %39,7 gazteleraz eta %39,4 ele bietan. Gaztelera hutsean idatzita iritsi den agiri kopurua hiru puntu jaitsi bada ere, oraindik %40 izaten jarraitzen du. Gazteleraz dauden agiri horietatik ia erdiak Eskoriatzako herritar edo enpresek idatzitakoak dira. Horren harira, Udaletik azpimarratu dute lanean jarraitu beharra dagoela kopuru hori txikitzeko. Horri aurre egiteko, aurten, Zatoz udalera euskaraz lelopean, mezuak zabalduko dituzte hilero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak