Zorionak, lehenik eta behin. Laugarren izatea espero zenuten?
J.J. Zubizarreta: Ez. Jende asko aurkeztu da aurten eta ez genuen uste amaieraraino iritsiko ginenik. Parte hartzera joan gara, ondo pasatzera.
Roberto Nieto: Gainera, zortzi erregetara jokatzera ohituta gaude, eta han lau erregetara jokatu dugu; oso ezberdina eta zaila da. Baina ondo ibili gara.
Lehenengo aldia zen txapelketan parte hartzen zenutena?
J.J.Z.: Hala da. Aitzorrotz kultura elkartearen eskutik, urteak daramatzate Inkernun antolatzen, eta elkarteko Iñaki Kortazarri esker izan genuen horren berri. Aurten, herriko 12 bikote inguruk parte hartu dugu.
Nolakoa izan da txapelketa?
R.N.: Ez nuen uste horren handia izango zenik txapelketa; baina oso ondo antolatuta egon da. Niretako larregi izan bada ere, nahiko ondo joan da dena.
J.J.Z.: Eskoriatzatik bi bikote sailkatu ginen Segurara joateko. Gipuzkoako txapelketa jokatu genuen han; zortea izan genuen, eta, 130 bikotetik gora baginen ere, Euskal Herrikorako sailkatzea lortu genuen, beste 31 bikoterekin batera. Seguran lau erregetara jokatu behar izan genuen; lehenengo aldia zen, baina ondo irten zitzaigun. Urruñan egun osoa eman genuen jokatzen; zortzi partida.
Zein da gakoa?
R.N.: Musean apur bat jokatzen jakin behar duzu; zortea ere ezinbestekoa da.
J.J.Z.: Garrantzitsuena da txapelketetara ondo pasatzeko helburuarekin joatea.
Noiztik zarete muslariak?
J.J.Z.: Betidanik. Etxean aitarekin jokatzen nuen, eta gero koadrilarekin.
R.N.: Berandu hasi nintzen; orain dela 15 bat urte. Kanpora goazenean, Piter-rekin jokatzen dut.
Datorren urtean parte hartzeko asmoa duzue?
J.J.Z. eta R.N.: Bai.