Euskara udal teknikari Mari Karmen Arrietak gogorarazi du urrian euskaldun zaharren arteko lehen batzarra egin zutela, proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko. Haren esanetan, "erronka moduan hartu genuen egia bihurtzea, eta azaroan egitasmoan parte hartzeko asmoa dutenekin bigarren batzarra egitea erabaki genuen".
Azaroaren 18an egin zuten bilkura hori. Aurretik eskutitza bidali zieten gaur egun euskaraz ikasten ari direnei eta baita azkenaldian euskaltegian ibili izan direnei ere. Dagoeneko inguruko herri askotan antzerako proiektuak martxan daudela eta horien asmoa eskoriatzarrak elkarrekin euskaraz berba egiten jartzea zela gogorarazten zen horretan; gainera, bilkurara joateko gonbitea egiten zieten.
Hiru talde
Herriko kultura etxean egindako batzarrean 20 lagun izan ziren; euskaldun zaharrak, berriak eta inguruan euskaraz hitz egiteko aukera gutxi dutenak baina berba egiteko gogo dutenak batu ziren han. Hiru talde atera dira hortik.
Marisol Andrade egubakoitzetan, goizean, paseoan ibiltzen duten bitartean euskara lantzen duen taldean dabil. Euskaltegian jaso zuen aipatutako eskutitza eta proiektuan 'irakasle' lanetan dabilen lagun bati esker sartu zen horretan: "Janzteko modu polita zela ikusi nuen; gure herriko hizkuntza ezagutzeko aukera eskaintzen digu. Niretako oso aberasgarria izan da: belarria egiten da eta euskaltegian erakusten ez dizuten euskara ikasten duzu; gustura ibiltzeak ere asko egiten du".
Izaskun Zubizarreta du ondoan. Azken horrek Berbalagun bezalako egitasmoek duten garrantzia azpimarratu du. Haren esanetan, "Goiena Paperaren bitartez izan nuen horren berri. Irakurri eta entretenimendu polita zela iruditu zitzaidan. Denbora librea daukat eta jendeari laguntzeko modu polita da; ni betiko euskalduna naiz, baina txalotzekoa da Marisol bezalako pertsonek egiten duten esfortzua; euskara ikastea meritu handia da. Euskaldun zaharrendako interesgarria eta aberasgarria da horrelako pertsonekin egotea".
Biek aipatu dute euskara bakoitzaren zaletasunekin uztartzen dutela: "Kafea hartu eta geldi egon beharrean, aire librean egoten gara paseatzen ordubete. Hitz egin ere denetarik hitz egiten dugu: euskararen aberasgarritasunaz, senideez eta belarraz, beste askoren artean". Talde horri Laura Morales gehitzen zaie batzuetan; txandaka dabil lanean eta aste batean paseatzera doa, eta bestean, egueneko pintxo potera. Bera ere oso pozik dago: "Guztiz ezberdinak diren zaletasunak dauzkat, eta oso gustura nago bietan. Biak ala biak oso egokiak dira berba egiterakoan erraztasuna lortzeko. Urte asko daramatzat euskaltegian, baina, hori ez nahikoa niretako".
Jakin bai, hitz egin ez
Hirugarren talde bat ere badago: eguazten arratsaldean plazan elkartzen diren bospasei amarena, hain justu. Maitane Raso horretan dabil. Haren esanetan, "txikitan ikasi nuen euskara baina ez dut hitz egiten, eta trebetasuna galdu dut. Berbalagunena irten zenean, Jose Aranako irakasle batek komentatu zidan, oso gustura nabil; gainera, lagun bati esan nion eta hura ere animatu da".
Horrelako egitasmoan parte hartzeko mezua ere helarazi nahi izan dute; Andraderen arabera, "euskaltegian ematen ez dietena ikasiko dute transmisioaren bidez". Zubizarretak ere euskaldunon zaharrendako deia egin du: "Esperientzia polita da, euren esfortzuak bakarrik merezi egiten du. Gainera, jende guztiz diferentearekin egoteko aukera ematen du". Goizeetan euskaldun zaharrak behar dituzte.