Zein oroitzapen gordetzen duzu alkate izan zinen lau urteez?
Lan talde ona osatu genuen, oso ondo konpontzen ginen. Egin beharrekoak denon artean egiten genituen. Oroitzapen txarrena, bestalde, su etenaren amaiera izan zen. Su etena zegoen sartu ginenean baina ez zuen aurrera egin. Haize berriak izan zen zuen lema, eta aldaketez jositako haize-bolada eragin zenuten.
Zeintzuk izan ziren aldaketa nagusiak?
Ordura arte 12 urte jarraian izan genuen alkate bera Eskoriatzan. Ni eta nire taldea sartu ginenean Udaleko jarduna beste era batera antolatzeko ideiarekin heldu ginen. Barne antolaketa aldatu genuen: lau batzorde nagusi –Hirigintza, Kultura, Gizarte Ongizatea eta Hazienda– osatu eta horien azpian beste batzorde batzuk sortu genituen. Gaiak azpi batzordeetan lantzen ziren batzordeetara eramateko. Gero, batzordeetan hartzen ziren erabakiak. Aldaketa horren helburua zen batzordeetan erabaki finkoak hartzea. Praktikan ez genuen oposiziorik izan. Zinegotzi bakoitzak bere ardura zuen eta alde horretatik, funtzionamendua ona izan zen. Egun modu berean funtzionatzen da; seinale ona da.
Hainbat proiektu gauzatu ziren zure legealdian. Udaletxea zaharberritu zen, esaterako.
Gure legealdiko proiektu nagusia izan zen udaletxea zaharberritzea. Zahartuta geratu baino, herritarrei begira ez zen egokia. Eraikinaren antolamendua ez zegoen batere ondo. Irisgarritasun aldetik ere desegokia zen; finean, aldatu beharra zegoela erabaki genuen. Bada, proiektu horri eutsi genion. Oso ondo geratu dela deritzot, orain askoz erabilgarriagoa da herritarrendako. Udaletxearen zaharberritzea aprobetxatu genuen Udalaren irudi korporatiboa ere berritzeko. Udaletxe modernoak irudi modernoa behar zuela uste genuen.
Liburutegi berria ere ordukoa da.
Liburutegi zaharra Kultur etxeko areto batean zegoen eta txiki geratu zen. Irtenbideak aztertzen hasi eta Luis Ezeizako haur hezkuntzako eraikinean pentsatu genuen, beheko solairua hutsik geratu behar zelako. Oso txukun geratu da, eta hainbat eskoriatzarrek erabiltzen dute.
Eta legealdi amaieran zabaldu zen egun Ibarrundi museoa dena.
Museoa lokal txiki baten zegoen eta baserria Udalaren esku geratu zenean zaharberritu egin zen. Gero, museoa hara eraman genuen. Ikasle gaztetxoendako museoa da batez ere. Unitate didaktiko batzuk lantzeko hainbat ume etortzen dira gurera, Euskal Herria osotik. Turismorako ere beste irtenbide bat da.
Irisgarritasun plan garrantzitsu bat ere gauzatu zenuten, ezta?
Batzorde bat sortu genuen Eskoriatza ez zela batere irisgarria ikusita. Plan bat abiatu genuen, eta besteak beste, San Pedro auzoa eta Gorosarri plaza irisgarriagoak egin genituen. Lan handia eta ona egin zen hor ere.
Kultura eskaintza indartzea izan zen beste apustuetako bat.
Kultura batzordetik hainbat ekintza antolatzen hasi ziren, San Viatorreko gela aprobetxatuz. Ordutik asko indartu da eskaintza, eta egun areto berri baten beharra dago; Zaldibar aretoa indartze horren ondorioetako bat da.