Kaleak hartuko dituzte mozorrotzea gustuko dutenek

Mirian Biteri 2011ko martxoaren 2a

Urdelardorekin ongietorria egingo diete gaur aurtengo Aratusteei. Mozorroa kalera ateratzeko ordua heldu da. Zapatutik martitzenera bitartean, ez da aspertzeko astirik izango Eskoriatzan.

Zapatuan 13:00etan hasiko dira ekintzak. Ordu horretan dantzaldia hasiko da plazan Egan taldearekin, eta ordu berean trikitilariek herriko kaleak girotuko dituzte. 14:30ean, berriz, herri bazkaria egingo dute pilotalekuan; 300 lagun inguru espero dituzte han.

Bazkaldu ostean, etxeko txikienek Gorriti eta bere animaliekin disfrutatzeko aukera izango dute Gorosarri plazan; 16:00etan hasiko da hori. Mozorro desfilea, aldiz, 17:30ean hasiko da. Aurten ere lehiaketa antolatu dute. Udaletik jakinarazi dute lehiaketan parte hartzeko desfilea egin behar dela, eta horretarako izena eman beharra dagoela aurretik. Bihar bertan egin daiteke, pilotalekuan, 16:00etatik 17:00etara.

Talde irabazleak 250 euro

Parte hartzeko bi modu egongo dira: koadrilaka (gutxienez lau lagunez osatuta egongo dena) edo banaka edo talde txikietan. Sariei dagokienez, koadrila irabazleak 250 euro irabaziko ditu; banakoak, 100; eta 16 urtetik beherakoendako taldeen artean hiru merienda banatuko dira. Eguna amaitu aurretik, Eganek joko du ostera ere plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak