Herriko lau lagunek egingo dute lan erretiratuen tabernan

Mirian Biteri 2011ko otsailaren 28a

Aldaketak egon dira azkenaldian herriko erretiratuen tabernan. Urtarrilean taberna eroaten zuenari kontratua amaitu zitzaion, eta, hori dela-eta, otsailaren 1era arte itxita egon zen hura; hain justu, Udalaren eta Txukunberri Osoko Zerbitzuak gizarteratzeko enpresaren arteko lankidetza hitzarmena sinatu zen arte. Horren arabera, lau eskoriatzarrek egingo dute lan taberna horretan.

Orain arte lehiaketa bidez irten da esandako zerbitzua ustiatzeko deialdia. Krisi ekonomikoa dela-eta, baina, emakume, iraupen luzeko langabe, lehen enplegua bilatzen duten gazte eta 45 urtetik gorako eskoriatzar asko lan barik daudela igarri dute Gizarte Zerbitzuetan. Lan merkatutik baztertzeko arriskua duten eskoriatzarren artean enplegua sustatzeko, esandako hitzarmena sinatu dute bi aldeek.

Orain hiru lagun dabiltza han lanean, eta laugarren bat hartzekotan dabiltzala jakinarazi digu Gizarte Zerbitzuetako langile Beronika Solagurenek. Horrekin batera, nabarmendu nahi izan du langile guztiak eskoriatzarrak direla.

Herritarrei laguntzea

Haren esanetan, "hitzarmen horren helburu nagusia da enpleguaren, prestakuntzaren eta laguntasunaren bidez, lana aurkitzeko edo gizarteratzeko zailtasunak dituzten Eskoriatzako herritarrei laguntzea". Horren harira, Solagurenek gogorarazi du erakundeek bazterketa egoeran dauden edo lan merkatutik baztertzeko arriskua duten pertsonen laneratzea bultzatzeko neurriak hartu behar dituztela, kalitatezko enpleguak emanez eta gizarteratze enpresendako enplegu merkatuak erreserbatuz, besteak beste.

Gizarte teknikariak esan du urtebeterako sinatu dutela hitzarmena, eta hiru urtez luza daitekeela. Olazar elkartearekin batera elkarlanean arituko direla ere aipatu du. Amaitu aurretik, esan digu martxo aldera taberna inauguratzeko asmoa dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak