Ika-mika sortu du EB-Berdeak zaharren egoitzaren kanpainaren gainean kaleratutako oharra

Mirian Biteri 2011ko ots. 24a, 18:16

Eskoriatzako zaharren egoitzak diru batzeko hasi duen kanpaina salatzen du EB-Berdeak ohar horretan. Besteak beste, administrazio ohia egoitzaren egoera larriaren erantzule bakarra ez dela eta Patronatuaren ardura ere badela dio. Horrekin batera, Zaldibar antzokia egiteko bideratutako dirua egoitzarako erabili beharko zela aipatu du. PSEk eta Udal Gobernuak ohar bana kaleratu dute horri erantzuten.

EB-Berdeak taldearen arabera, "Patronatuko aurreko juntak (besteak beste, presidente abadea eta presidente orde Eskoriatzako alkatea zituenak), bere funtzioen artean administraileari egoitzaren egoera ekonomikoari buruzko informazio guztia eskatzearen ardura eta egoera garaiz zuzentzeko beharrezko neurriak hartzekoa zituen, baina, badirudi ez zuela horrelakorik egin, eta beraz, gure galdera honako hau da: zertarako batzen zen aldiro Patronatua 2007tik 2010era".

Esan bezala, Zaldibarrera bideratutako dirua ere kritikatu du: "Zergatik gobernu taldeak eta bere morroi leialenak, alderdi sozialistako ordezkariak, milioi bat euro inbertitu dituzte (400.000 estatuko funtsetik eta 600.000 aurtengo udal aurrekontutik) erabilera anitzeko aretoa egiten Santa Anan. Gure ustez, kopuru hori Egoitza salba dezagun kanpainarako erabili beharko zen eta ez txapelik pasa ea zer lortzen dugun ikusteko".

Atzoko osoko bilkuran, Pedro Lasabaster alkateak gainerako udal ordezkariei galdetu zien EB-Berdeak taldearen oharra Eskoriatzako Udaleko webgunean kaleratzeko aukeraz. Gehiengoz onartu zen prentsa ohar hori esandako webgunean argitaratzea.

Udal Gobernua

Horri lotuta, gogor kritikatu zuen Udal Gobernuak talde horren jarrera. Esan zuen "gezurra" dela egoitzako zuzendari ohiak egindakoen erantzukizuna ere patronaturena ere badela esatea: "Argi eta garbi esaten du hori epaileak emandako epai irmoak". Bestalde, zaharren egoitza zabalik mantentzeko "apustu garbia" egin zuen: "Patronatuak egin digun eskaerari erantzungo diogu eta zorra ordaintzen lagunduko dugu".

Azkenik, herritarren artean "uste okerrak" zabaltzen ibiltzea ez dela zuzena aipatu zuen: "Zine zaharra birgaitu eta erabilera anitzeko aretoa egiteko erreserbatuko den dirua ezin da egoitzako zorrak ordaintzeko erabili. Diru hori inbertsio publikotarako dirua da, eta egoitza, momentuz behintzat, pribatua da. Legez ezin da diru hori laguntzetarako erabili, hori ilegala litzateke".

Iñaki Pierrugues haserre

PSEko Iñaki Pierruguesek ildo beretik jo zuen. Udalak ezin duela diru hori egoitzara bideratu esan zuen. Horretaz gain, herritarrak "nahastea" ez dela zilegia adierazi zuen.

Amaitu aurretik, alkateak "hitzak eta jarrerak" zaintzeko eskatu zien gainerako udal ordezkariei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak