Dagoeneko indarrean dago Aizkorri-Aratz parke naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko Plana?
Joan den urteko abuztutik urrira bitartean egin zen publiko plana, tarte hartan alegazio epea irekita. Orain, alegazio horiek aztertu eta beharrezko aldaketak egin ondoren, parkeko patronatura eramango da dokumentua, bertan lehen onarpena eman diezaioten.
Zein da zehazki plan horren asmoa?
Hitz gutxitan, naturagunea kudeatzeko arau eta irizpide orokorrak zehaztea da plan horren asmoa. Horretarako, lurraldean gauzatuko diren ekonomia eta aisialdi-jarduerak antolatzeko arauak zehaztuko dira.
Aldaketa asko ekarriko ditu araudi berriak?
Aizkorri-Aratz aldean egiten diren ekintza gehienetan ez da aldaketa handirik izango. Jarduera ekonomiko gehienei dagokienez, ohiko lanak egiteko garaian zenbait muga jarriko dira, baina ez ekintza horiek asko aldatuko dituztenak. Bereziki, ekintza horiek egiteko modua aldatuko da eta, natura baliabideen kudeaketa egokiari begira, neurriak hartu, baina ez jarduera guztiak debekatu edo bere horretan utzi. Izan ere, garrantzi handia duena gauza edo ekintza hauek egiteko modua da.
Aldaketarik nabarmenenak aisialdiko hainbat erabilpenetan izango dira, araudiaren esanetan ezin delako naturagune babestuaren barruan ibilgailu motordunekin ibili, libre deklaratzen ez diren bideetan edo baimena duten erabiltzaileek izan ezik. Baimen hori bertan jarduera ekonomikoak egiten dituztenek eta lurjabeek izango dute. Beraz, azken horiek lehengo moduan segituko dute; hori bai, beharrezko baimena edukita.
Eskoriatzan horren gainean dagoen informazio falta salatu dute...
Ez da erraza erabiltzaile edo jabe guztiengana heltzea. Orain dela 3 urte Aizkorri-Aratz aldea parke natural izendatu zenetik araudia eta informazioa kalean dago eta, neurri handi baten, normala da denengana iritsi ez izana. Dena dela, hasierako kezka edo beldurra laster uxatuko delakoan nago.
Nola eragingo die lurren jabeei?
Lehen esan bezala, ez dute aldaketa handirik sumatuko. Lehen egiten zituzten aktibitateekin aurrera jarraitu ahalko dute. Hori bai, kasu batzuetan, aktibitate horiek ingurunean duten eragina neurtu egin beharko da eta beste kasu gehienetan, ekintzak egiteko baimenak eskatu beharko dituzte. Baina, orokorrean, bideak erabiltzeko baimenak izango dituzte, eta baita abereak mendian larratu edo egurra mozteko ere.
Eta ehiztariei?
Ehiztariek araudi orokorra jarraitu beharko dute, eta momentuan indarrean dauden neurriak bete. Babesgunea errespetatu egin beharko da eta ehizarako plan teknikoa egingo da, naturagune babestuko ehiza-egoera zehatz biltzeko.
Mendizaleek mugaren bat izango dute?
Ez. Mendizaleengan ez du inongo eraginik izango araudi berriak.
Eta motorrean edo bizikletan ibiltzen direnek?
Bai. Motordun ibilgailuei mugak jarriko zaizkie. Bizikletan eta motorrean, bideetan ibili beharko dute; eta motorren kasuan, gainera, ibiltzeko baimena beharko da.
Bestalde, ingurune horretan jende asko dabil perretxikotan... Haiek zerbait igarriko dute?
Hori ere kontrolatuta egongo da. Perretxikoak biltzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak laster onartuko du naturagune babestuetan perretxikoak batzea erregulatuko duen dekretua, baina ez du eragin handirik izango ohiko biltzaileengan. Gehiegizko abusuak eragoztea izango da dekretu horren helburua.
Kezkatuta daudenek diote urbaniten interesak gainerakoen gainetik daudela. Horrela izango da?
Kezkak eta beldurrak bultzatutako iritzia da hori, baina, berez, bertakoak izango dira ingurune horretan eskubide gehien izango dituztenak. Parke natural bat ez da izendatzen bertakoen kalterako, balio bereziak dituen ingurune bat izanik bertako balio naturalak mantentzeko eta lurralde hori modu egokian kudeatzeko baizik.
Aldi berean, ordea, esandako balio horiek bultzatuta, bisitari kopurua gehitu egin daiteke eta baliabideak neurriz erabilita etekina atera.
Aisialdiari begira, nolako ustiatuko da Aizkorri-Aratz?
Orokorrean, lehen bezalako erabilpena izatea da helburua, betiere modu ordenatuan. Aurten jarriko da martxan Aizkorri-Aratz parke naturaleko ibilbide sarea, bertaratzen diren ibiltarientzat eskaintza interesgarria. Bestalde, Parketxea inauguratu berri da eta bertatik bideratuko da ingurune hau ezagutu nahi duten bisitari kopuru handi bat.