Joan den urteko abuztutik urrira bitartean egin zen publiko Aizkorri-Aratz parke naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko Plana. Iraitz Zubeldia parkeko zuzendariaren hitzetan, plan horren asmoa da natura gunea kudeatzeko arau eta irizpide orokorrak zehaztea, eta horretarako, lurraldean gauzatuko diren ekonomia eta aisialdi-jarduerak antolatzeko arauak zehaztu dituzte plan horretan.
Baina egin diren arau horiekin ez daude ados Eskoriatzako Mendiola eta Bolibar elizateetako eta Lete auzoko alkateak. Hainbat zalantza jarri dituzte mahai gainean hirurek; adibidez, orain arte etxerako egurra egiteko mendian jausita zegoen zuhaitza baimen barik hartu izan dute eskoriatzarrek. Hemendik aurrera, baina, Zubeldiaren hitzetan, baimena eskatu beharko dute horretarako. Iñaki Madinabeitia Mendiolako auzo-alkateak euren kezka azaldu du, "guk zuhaitzen bat bota nahi badugu, papel ugari egin beharko ditugu eta horrek egoera ridikuloak ekarriko ditu".
Gainera, baserritarrek uste dute eurak kontuan hartu gabe egindako araudia dela, baina hori baino arazo larriago bat ere ikusten dute "uste dugu araudia egiteko erabili duten planteamenduan ez dela kontuan hartu baserritarron filosofia, beste mundu batetik etorritako planteamendua da" dio Madinabeitiak.
Zubeldiak, berriz, ez du hori horrela dela uste: "hori beldurrak edo kezkak sortutako iritzia da".
Atzo egin zuten hitzaldi informatiboak interes handia piztu zuen herritarrengan eta 80 inguru bildu ziren; parte hartzea ere handia izan zen.