Diru bilketa egingo dute, zaharren egoitzaren zorra kitatzeko

Julen Iriondo 2011ko otsailaren 15a

Eskoriatzako Zaharren Egoitzak egoera zaila bizi du; zerbitzuaren ardura duen Mesedetako Amaren fundazioak zor handiak ditu, urrian Eibarko Lan-Arloko lehen epaitegiak ebatzi zuenez egoitzaren zuzendari izan zenaren kudeaketa txarragatik. Fundazioaren zorra 345.000 eurokoa da gaur egun, eta kopuru horri aurre egiteko diru-bilketa kanpaina jarriko dute martxan.

Eskoriatzako parrokoak, alkateak, hainbat zinegotzik eta Olazar erretiratuen elkarteko presidenteak osatzen dute Mesedetako Amaren Fundazioaren Patronoen Junta. Zaharren egoitzaren aurreko zuzendariaren kudeaketa txarraren ondorioz fundazioak 345.000 euroko zorra du egun, eta zor horri aurre egiteko martxan jarriko duten diru bilketa-kanpainaren berri eman dute goizean juntako kideek. Udalari, elizari, Diputazioari, Jaurlaritzari, herriko enpresa nagusiei eta herritarrei eskatuko diete dirua.

Ziur aski datorren astean saio informatibo bat ere egingo dute herritarrendako, egungo egoeraren eta kanpainaren gainean azalpenak emateko.

Aurreko zuzendariaren kudeaketa txarra ezagutu zenean Patronoen Juntak fundazioa udalaren laguntzarekin zuzenean berak kontrolatzeko erabakia hartu zuen. Diru-sarrerak gehitzea lortu dute ordutik eta gastu arrunta murrizteko neurri zorrotzak ere hartu dituzte. Honek egoera zertxobait arintzea ekarri du, baina ez konpontzea.

Ahal bezain bizkorren zorra kitatzea nahi du Juntak, eta baita egungo araudiak exijitzen dizkion derrigorrezko berritze lanak egiteko dirua lortzea ere. Hasteko, Gaztainadui kaletik egoitzara iristeko traba arkitektonikoak kendu nahi dituzte.

32 lagunendako lekua du Eskoriatzako zaharren egoitzak. Etorkizunean ere herrian zerbitzu hau izan dadin dirua ezinbestekoa dute orain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak