Aizkorri-Aratzek kezka sortu du herritarren artean

Mirian Biteri 2011ko otsailaren 11

Aizkorri-Aratz parke naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Arautzeko Planarekin eta Natura Baliabideak Antolatzeko Planarekin arduratuta daude udalerriko baserritarrak. Gai horren gainean dagoen "informazio falta" salatu dute, eta azalpenak emateko eta azal daitezkeen zalantzak argitzeko hitzaldia dago eguenean, hilak 17, kultura etxean, 19:00etan. Parkeko zuzendari Iraitz Zubeldiak parte hartuko du horretan.

Eskoriatzarrek hitzorduaren berri izan dezaten gonbidapena banatuko dute, egunotan, parkeak eragina izango duen elizate eta auzoetako baserrietan; araudiaren barruan sartuta dauden Aretxabaletako auzoetan ere banatuko da, zalantzak izanez gero hitzaldira joan daitezen. Lurjabe, artzain, ehiztari, mendizale, mendi bizikletazale edo, besterik gabe, interesatuta daudenak daude gonbidatuta.

Mugak zehaztu barik

Araudi berriaren gainean dagoen kezkaz berba egin dugu Mendiola eta Bolibar elizateetako alkate Iñaki Madinabeitia eta Iñaki Kortazarrekin, hurrenez hurren, eta Lete auzoko alkate Bernabe Aperribairekin. Kortazarrek horren gainean dagoen "informazio falta" salatu duen neurrian, Madinabeitiak gaineratu du plan horietan ez direla "guztiz" zehazten zer-nolako mugak ezarriko diren.

Hainbat zalantza jarri dituzte mahai gainean hirurek. Orain arte etxerako egurra egiteko mendian jausita zegoen zuhaitza baimen barik hartu izan dute eskoriatzarrek. Hemendik aurrera zelakoa izango den ez dakite. Horrez gain, parke natural barruan sartuta dauden bideen mantentze-lanak orain arte herritarren ardura izan direla gogorarazi dute. Horren harira, galdetu dute osterantzean ere euren esku egongo ote den zeregin hori, bide horietan edonor ibiliko bada ere. Bestalde, landatu ahal izango diren zuhaitz eta mendian eduki ahal izango diren animalia moten harira ere kezkatuta daude; baita ehizatzeko eta arrantza egiteko mugekin ere. 

Alegazio epea pasatuta

Kortazar eta Aperribairen esanetan, "parkea doanik eta hori nondik nora doan ez dakiten baserritar asko daude oraindik; baina ondorioak etorri, etorri egingo dira". Horren harira, Madinabeitiak gogorarazi du plan horiei alegazioak aurkezteko epea aspaldi pasa zela eta gutxi enteratu zirela: "Araudiak argitaratuta egon dira eta alegazioak egiteko epea egon da. Baina Interneten edo Aldizkari Ofizialean agertuta baserritarrak ez doaz hori irakurtzera".

Parkeko zuzendari Iraitz Zubeldiarekin harremanetan jarri gara, eta, haren esanetan, "asmoa da araudia labur azaltzea eta gero, ahal den moduan, euren dudak argitzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak