Lehen gaseko lanei dagokionez, enpresa horretako Agustin de la Brena arkitektoak jakinarazi digu bi hilabeteetan amaituta egongo direla horiek. Horren harira, azaldu digu egitura sendotu dutela eta kanpoaldea berritu egin dutela, eraikinaren konfigurazioa mantenduz. Horrekin batera, azaldu digu dagoeneko egokitu dituztela instalazioak eta orain anfiteatroarekin dabiltzala.
Bigarren faseko proiektuaren gainean, Brenak azaldu du asmoa dela lehen fasearekin amaitu bezain pronto, bigarrenaren obrekin hastea. Bestelako espazioak egokituko dira, hala nola, aldagelak, instalazio gelak eta komunak. Jarraian, aretoa jantzi eta instalazio eszenografikoak jarriko dituzte. Esan bezala, dena behar bezala baldin badoa udazkenerako gertu egon daitekeela dio de la Brenak.
Agertokia handiagoa
Antzokiak 300 metro karratu izango ditu, eta 140 lagunendako tokia. Proiektuak 150 eserleku zituen aurreikusita, baina adituen esanetan, hasierako proiektu horretan agertzen zen agertokia txikiegia zen eta aretoari eserleku lerro bat kendu izan diote. Askotariko erabilerako aretoak 90 metro karratu pasatxo izango ditu; eta agertokiak, 34 metro.
Finantzazioa
Bestalde, bigarren fase horren gaineko finantzazioaz berba egin du Pedro Lasagabaster alkatearekin. Azaldu du aurtengo udal aurrekontuetan lan horiek egiteko 600.000 euroko partida aurreikusita dagoela. Horren harira, gaineratu du Santa Marina inguruneko urbanizazioa dela-eta, Jaurlaritzak diru laguntza eman behar diola Udalari; eta horrekin lanak ordaintzeko asmoa dutela. Dena dela, gaineratu du Diputazioarekin harremanetan dihardutela, proiektu horretan lagundu dezan. Lehen faseko lanak Tokiko Enplegurako eta Iraunkortasunerako Estatuko Fondoarekin egiten dabiltza; aurrekontua 399.300 eurokoa da.
Zaldibar Antzokia
Bestalde, jakina denez, erabilera askotariko antzokiak izen berria du abenduaren 29tik. Egun horretan egindako osoko bilkuran aurrerantzean Zaldibar Antzokia izatea adostu zuten. PSE-EEko bozeramaile Iñaki Pierruguesek egin zuen izen horren proposamena. Herriko toponimian oinarritu zen esandako proposamena egiteko. Santa Ana kalean dagoen taxi geltokian zegoen zubiak Zaldibar zuen izena; gutxienez, XIII. mendekoa zen hori.