Nolatan Eskoriatzako alkate?
Franco hil ondoren, alkate izateko aukera egon zen. Eskoriatzan, Udal inguruan lehendik ere lanean ibilitako ezkerreko talde bat zegoen eta aukera hori aprobetxatu zen. Udalean zeuden zinegotziek aukeratzen zuten aurkeztutako alkategaien artean. Taldea aurkeztu zen eta niri egokitu zitzaidan. Baiezkoa eman nuen. Garai hartan alkate izan ahal izateko hautesleen %10 edo %15en sinadurak behar ziren; herritarren babesa jaso nuen.
Diktadura ondorengo lehen alkatea. Ez ziren garai onak izango…
Hala da. Ez ziren garai samurrak, eta, gainera, nik ez neukan inolako esperientziarik; 30 urte egin barik zituen mutikote bat nintzen. Dena berria zen eta kosta egiten zen. Dena dela, ez nuen inolako arazorik izan gainerako zinegotziekin, eta bailarako beste alkateen laguntasuna izan nuen. Apurka ikasten joan nintzen, garai on eta txarrekin. Egoera oso ezberdina zen.
Nolakoa zen garaiko Eskoriatza?
Oraingo moduko herri txiki bat zen. Biztanle kopuruari dagokionez, antzera samar ibiliko zen; 3.600 biztanle inguru izango zituen. Baina baliabide aldetik oso ezberdina zen. Alkate sartu nintzenean, aurrekontua lau milioi pezeta zen; kargua utzi nuenean, uste dut 12 milioi inguru zela, eta zinegotzi moduan amaitzean, 50 milioi. Hor igartzen da diferentzia. Baliabide gehiago zeuden, eta, hortaz, proiektu gehiago garatzeko aukera. Garai latzak bizi izan genituen. Uholdeak egon ziren eta arazoak egon ziren errekarekin. Konpondu egin genuen; gainera, lortu genuen gure moduko herri batendako konponketa egin beharrean herri handietarako izango balitz bezala egitea.
Zeintzuk ziren behar nagusiak?
Dena zegoen egin barik, baina planeamendu aldetik gauza asko zegoen egiteke.
Zein izan zen martxan jarritako proiektu esanguratsuena?
San Pedro auzoa lotzeko bide bat egin zen. Lehen, kiroldegia zegoen tokitik igo beharra zegoen auzora. Bestetik, Aretxabaletara doan pasealekua dago; Eskoriatzarako oso ona izan dena eta arrakasta handia izan duena.Trenbidearen lurrak erosi eta Eskoriatzatik Aretxabaletako mugaraino oinezkoendako paseoa egin genuen. Batzuek uste zuten horrelako zerbait luxua zela diru asko zelako, baina denborak erakutsi du erabilera handia izan duela.
Nola gogoratzen dituzu Udalean pasatako urte haiek?
Ilusio handiko garaiak izan ziren, gauzak aldatzeko gogoa eta aldaketa etorriko zela uste zelako. Ez genekien zer-nolako aldaketa etorriko zen, baina hori bultzatzen egin genuen lan. Garai hartan ere Bergarako alkateen taldea sortu zen eta hor ere egon ginen.
Nola ikusten duzu gaur egungo Eskoriatza?
Egoera eta pertsonak ere oso ezberdinak dira. Baliabide gehiago daude, baina uste dut nik izan nuen babesa gaur egun ez dagoela. Gu ikastolatik gentozen, guraso talde bat ginen, eta garai hartan ezinbestekoa zen inplikazioa. Gaur egun hori galdu egin dela iruditzen zait, jendeak paso egiten du. Gogoratzen naiz alkate nintzela kultura etxea botatzeko plan bat egon zela; egun baten botatzera etorri ziren eta geratu egin zen herritarrak kalera irten zirelako. Egun, bakar samar dabiltzala uste dut.