Esan bezala, herritarrak hondakinek sortzen duten arazoaz jabetzea da helburua aurten. Eneritz Zubia Eskoriatzako ingurumen teknikariak azaldu digunez, "hainbeste buruhauste sortzen dizkiguten hondakinen gaia aukeratu dugu eta gai hori lantzen duten hainbat enpresa etorriko dira Eskoriatzara". Besteak beste, garraio bide elektrikoak (Enmedio enpresarekin), eguzki plakak (Ekitermik) edota olio birziklapenaren (Eko3) gaineko informazioa eskuragarri izango da. Emaus enpresakoek ere panelak eta produktuak erakutsiko dituzte eta geotermia eta argiteria lantzen duten enpresak ere izango dira ordezkatuta. Iaz, hain zuzen, zaharkitutako herriko argiteria aldatu zuten Eskoriatzan eta Led teknologia duen argiteria sistema berria jarri zuten. Hori dela eta, erakus-mahai berezia egongo da Led argiteriaren teknologia, funtzionamendua eta onurak erakutsiko dituena.
Kudeaketa arduratsua
Zapatuko hitzaldiaren ardura Gipuzkoa O Zabor ekimenak izango du aurtengo ekitaldia. Mikel Ikatzategik eta Jose Mari Irazustak hitzaldia egingo dute zapatuan, 18:00etan. Iazko ekainean sortu eta poliki-poliki handitzen doan ekimena da. Hernanin, Usurbilen, Zarautzen, Donostian edota Orion lanean dira dagoeneko eta Debagoienean ere hasi dira ekimenaren inguruko lehen mugimenduak. Ainhoa Arrospide usurbildarra dugu kideetako bat. Haren hitzetan, "izenak dioen moduan, zaborra zerora hurbiltzea da helburua. Horretarako beharrezkoa ikusten dugu eredu lineal batetik eredu zirkular batera jausi egitea, hau da, ustiatzen diren produktuen bizitza berritzea. Orain arteko eredua jasanezina da, mundua zaborrez betetzen ari garelako. Arazo nagusia zikloaren sorreran, produkzioan, eta amaieran dagoela ikusten dugu eta birziklatzearekin zikloa berritzea litzateke helburua".
Era berean postua jarriko dute Gipuzkoa O Ekimenekoek Eskoriatzako kiroldegian, hondakinen kudeaketa arduratsu batekin zaborrik ez sortzea posible dela eta erraustegi eta zabortegiak soberan daudela erakusteko helburuarekin. Gipuzkoa O Zabor ekimeneko kideez gain, EkoBai, Eko3R, Emaus, Enmedio, Taer Solar, Erka, Ekitermik, Ekosua eta Askanatura enpresak egongo dira ordezkatuta Eskoriatzako azokan.
Domekan, taloak
Azokako ordutegia honako hau izango da: zapatuan 12:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara eta domekan 11:00etatik 14:00etara. Domeka eguerdian taloak dastatzeko aukera izango da.