Nagusiendako bi osasun parke izango dira laster zabalik Eskoriatzan

Mirari Altube Arrese 2011ko urtarrilaren 17a

Herriko nagusiendako osasun parkeak jartzen dabiltza Eskoriatzan, eta laster bi izango dira erabilgarri. Dorleta auzoko bidegorriaren alboan egin dutena 2010eko abenduan zabaldu zuten eta Olazar kaletik abiatzen den bidegorrian –egoitzaren gainaldean– egiten dabiltzana laster zabalduko dute.

Osasun parke horietan hainbat gimnasia aparailu jarri dituzte: goiko gorputz-adarrak lantzeko ariketa tren bat, pedalak, boeler  taula bat, eskia, metroa, bailea, eskailera eta bolanteak, beste batzuen artean. Tresna horiek herriko nagusiei zuzenduta daude berez, baina erabilera librekoak izango direla jakinarazi dute udal ordezkariek.

23.388 euroko gastua

Foru Aldundiak eta Udalak sinatutako hitzarmen bati esker egin dituzte bi parke horiek. Hain zuzen, 2008-2011 aldirako Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planean aurreikusi zuten Osasun parkea izeneko proiektua burutzea Eskoriatzan, eta dagoeneko bete dute.

Parkeko lanen kostua 23.388 euro izan da guztira; horietatik 10.500 euro Aldundiak jarri ditu eta gainerakoa, 12.888 euro, Udalak. Nagusiendako egokitutako ekipamenduak 15.046 euroko gastua izan du eta osasun parkeko zoruaren egokitze lanek, 7.157 eurokoa. Horiez gain, beste egokitzapen lan batzuk eta erosketa batzuk ere egin dituzte, jarlekuak esaterako, eta horietarako 1.184 euro erabili dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak