Herritarren parte-hartzearekin hauteskundeetarako zerrendak eta programa osatzea, eta hauteskundeetan ordezkaritzarik lortu ala ez hurrengo legealdian udal jarduerari jarraipena egitea. Horietxek dira Hamaikabat! Alderdiak maiatzeko udal hauteskundeetara begira Eskoriatzarako dituen helburu nagusiak.
Aipatu helburuak betetze aldera, hainbat ekimen burutuko dituzte: besteak beste, azken legealdiko balantzea egitea, Eskoriatzako talde eragile ezberdinekin zein alderdi politikoekin bilerak egitea eta baita krisi ekonomikoren ondorioz, tokiko ekonomian inplikatutako erakunde eta taldeekin elkartzea ere. Herriko gai ezberdinak jorratzeko topaketa irekiak egin ala ez ere aztertzen dabiltza. Hala gura izanez gero, ekarpenak egiteko bloga ere badutela gogorarazi dute.
Hauteskundetara begira alderdiak Eskoriatzarako dituen aurreikuspenen inguruan galdetuta, Juan Carlos Bengoak esan du espero dutela zinegotziren bat lortzea. Era berean, gogoratu dute bakarrik aurkeztuko direla udal hauteskundeetara. Gaineratu dute hori bai duten ateak zabalik dituztela beste alderdi batzuekin, bereziki EAJrekin, koalizioak sortu edo elkar lanean aritzeko.