Gipuzkoako gaztelu garrantzitsuena da Atxorrotzekoa

Mirian Biteri 2011ko urt. 4a, 10:31

Atxorrotz "sorpresa kutxa bat" dela dio Eskoriatzako ingurune estimatu horretan indusketa arkeologikoen lanak egiten dabilen Iñaki Sagredok: "Izugarrizko balioa du; indusketak egiten ditugun bakoitzean opari bat dago".

Atxorrotzeko historia argitzeko lanean dabiltza joan den urtea ezkero Nafarroako Larrate lantaldekoak. Maiatzean egindako esku-hartze arkeologikoaren harira, Iñaki Sagredo eta Nahia Senper izan ziren  joan den eguenean  Eskoriatzako Ibarraundi museoan, horien garapena eta emaitzak herritarrei helarazteko.

Erromatar garaikoa ote?
Emaitzak oso onak direla jakinarazi digu Sagredok. Horren harira, aipatu du berretsi egin direla gazteluaren okupazio faseak. Behin betiko emaitzak jaso barik badaude ere, egindako zundaketek argitu dute XII. mendean gaztelua okupatuta zegoela. Sagredoren esanetan: "Erdi Aroko eta Erromatar Berantiar garaiko zeramika zatiak topatu ditugu. Erdi Aroko gaztelu batean ez dira beste inoiz topatu Erromatar garaiko elementuak; lehenengo aldia da. V. mende ingurukoak izan daitezke zati horiek, baina oraindik hori guztia aztertu egin behar da eta zuhurrak izan behar dugu. Ezin dugu esan Erromatar garaiko gaztelu bat denik, garai hartako arma edo txanponik ez dugu topatu-eta".

Argi geratu dena da Nafarroako Erreinuko gaztelu inportanteenetarikoa izan zela. Sagredoren arabera, Leintz bailarak Gipuzkoako gaztelu garrantzitsuena du. Horren harira, azaldu du Euskal Herriaren eta, hortaz, Nafarroaren historian Atxorrotz defentsa puntu garrantzitsua izan zela. Gaineratu du Euskal Herrian zehar bestelako gazteluak badaude ere (Trebiñu, Portilla, Untzueta eta Ereñokoa), beste inon agertu ez den materiala topatu izan dela Eskoriatzan.

Aljibe "perfektua"
Horren harira, aljibea (ura batzeko erabiltzen zuten putzua) nabarmendu nahi izan du. Sagredoren esanetan, "oso ederra da hori. Pazientzia handiko hargina ibili zen han lanean, eta detaileetan ere pentsatu zuen, beheko izkinak borobildu zituen-eta zikinkeriarik ez sartzeko. Euskal Herritik zehar topatu ditugun gainerako aljibeak galduta edo hondatuta zeuden. Hemengoa perfektua da; gazteluaren hondarrak bisitatzera joaten direnei erakusteko modukoa". Horren harira, azaldu du egurrezko hoditerien bidez teilatuetatik 20.000 litro ur jasotzeko aukera zuela aljibeak, eta  gazteluaren bizi iraupena horren menpe zegoela; setio militar bat jasanez gero, ura izatea ezinbestekoa zelako.

Historialariak putzu horretatik ateratako materiala asko izan dela ere azpimarratu nahi izan du: "Material asko irten da handik. Esaterako, oso politak diren urre koloreko bitxiak topatu ditugu eta baita 1180. urte inguruko txanpon bat ere, aljibeko zorura itsatsita. Nafarroako Santxo Jakitunaren txanpon bat da hori. Horrek esan nahi du albijea garai hartan egin zela edo zaharberritu zela".

Horretaz gainera, Sagredok nabarmendu du kare-morteroari esker gaur arte mantendu den Erdi Aroko egurrezko lurzorua topatu dutela. Historialariaren arabera: "Egurrezko plaka bat atera dugu orain arte, baina gehiago dago oraindik atera barik. Datozen esku-hartzeetan guztia atera eta etxebizitza baten zorua ote zen aztertuko dugu".  

Indusketetatik ateratakoa eta Erdi Aroko bestelako gazteluen gaineko dokumentazioa kontuan izanda, Sagredok esan digu Atxorrotzeko gazteluak 15 soldadu inguru eta arduraduna izango zituela.

Hezurrekin egindako dadoak
Ingurunea kontrolatzeaz arduratuko zirela uste du Sagredok; artzainak kontrolatzea eta gaztelua guardian izatea. Horren harira, gogorarazi du Arabako lautada eta kostaldea elkartzen zituen bide garrantzitsua pasatzen zela handik, eta haien ardura izango litzatekeela bide horretatik pasatzen ziren merkantziak kontrolatzea.

Soldaduen bizimoduaren hainbat datu ere eskaini digu; esaterako, aspertzen zirenean, hezurrekin egindako dadoekin pasatzen zutela denbora. Historialariaren esanetan: "Dadoak egiteko moldatuta zegoen hezur bat topatu dugu; lau aurpegi zituen eta moztea bakarrik falta zen, dadoak lortzeko. Topatu diren bitxiek ere aditzera ematen dute garai hartako gizonak ere zaindu egiten zirela".    

Kultura-ondasun
Sagredok dio orain arte Atxorrotzeko gazteluaz gera daitekeenaren %15 baino ez dela aztertu eta orain lan asko dagoela egiteko. Dena dela, inork ez du zalantzan jartzen horren garrantzia, eta ingurunea babesteko, Jaurlaritzan kultura-ondasun izendatzeko dokumentazioa aurkeztu dutela esan digu, azkenik, historialariak.

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Erakusketa urtarrilaren 14ra arte
Atxorrotzen aurkitutako aztarnak ikusgai egongo dira datozen asteotan Eskoriatzako Ibarraundi museoan. Aurkitutako eta zaharberritutako metalezko piezaz, zeramika zatiz eta margotutako hezurrez eta zorroztarriz osatuta dago, besteak beste, erakusketa. Urtarrilaren 14ra arte egongo da zabalik honako ordutegian: 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Orain arte topatu dituzten elementu esanguratsuenak:

Urre koloreko bitxiak:
-Atxorrotzen egindako bigarren esku-hartzean bitxi ederrak topatu dituzte gazteluaren aljibean.
-Erdi Arokoak dira guztiak.
-Kobrezkoak dira eta urre kolorea dute; ziurrenik, urre-xafla botako zieten gainetik, distiratsuagoak izateko.
-Gizonezkoenak; gazteluko arduradunak gerrikoaren belarri (hebilla) moduan erabili zituela uste dute adituek.
-Bitxi baten, hegazti baten irudia dago marraztuta. Santxo Jakitunaren ikurra arrano beltza zen, eta, Sagredoren ustez, bitxi horretako irudiak lortura izan dezake horrekin.

Santxo Jakitunaren txanpona:
-Erdi Aroko askotariko 20 txanpon agertu dira.
-Horietako hiruzpalau  XII. mendeko Nafarroako Erdi Arokoak dira; Santxo Jakitunaren garaikoak, hain justu ere.
-Atxorrotzen aurkitutako gainerako txanpon guztiak  Gaztelako Erreinuaren garaikoak dira: XIII, XIV eta XV. mendeetakoak topatu dira.
-Bi garaiotako txanponak topatzeak erakusten du ingurune hori Nafarroako eta Gaztelako erreinuen eskuetan egon zela.

Arma zatiak:
-Askotariko armak azaldu dira Atxorrotz inguruan.
-XII eta XIII. mende artekoak dira gehienak. Iñaki Sagredo historialariaren esanetan, arinenak (balezta puntak, ziurrenik) XII. mendekoak izango lirateke.
-50 balezta puntatik gora atera dituzte indusketen bigarren fasean; horretaz gain, hiru lantza punta eta ezpata motz bat ere azaldu dira.

Zeramika zatiak:
-Erromatar Berantiar garaiko eta Erdi Aroko zeramika zatiak agertu dira azken esku-hartzean; lehenengoan, Erdi Arokoak bakarrik azaldu ziren.  
-Ehunka zati irten dira.
-Erdi Arokoak XV. mendekoak izan daitezkeela uste da eta Erromatar Berantiar garaikoak, ostera, V. mendekoak.
-Sukaldean erabilitako tresnen zatiak izan daitezke; lapikoak, esaterako.

Egurrezko zorua:
-Erdi Arokoa da.
-Bost zentimetroko lodiera duen 40X40 zentimetro inguruko xafla bat da bigarren indusketetan atera dena. Dena dela, datozen esku-hartzeetan guztia lortzea espero dute.
-Etxebizitza baten zorua izan zitekeela uste dute.
-Horren azpian ikatza edo su-hondarrak agertu dira. Toki horretan etxe baten sutondoa zegoela interpreta daiteke, edo, agian, gazteluan suteren bat egon zela.

Errotarria:
-Oso ondo landutako errotarri bat topatu zuten indusketen lehen fasean.
-Erdi Arokoa da, XIV. mendekoa.
-Gauzak zorrozteko balio zuen; garai hartan, ziurrenik, armak zorrozteko.

Hezurrak:
-Lehen zein bigarren fasean, fauna aztarna asko agertu dira; tartean, jatekoen hezur asko aurkitu ditu Iñaki Sagredoren lantaldeak.

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Iñaki Sagredo, historialaria: "Asmoa da Gipuzkoa mailan gazteluen gaineko lehen museoa egitea Atxorrotzen"

Aurtengo apiriletik maiatzera bitartean egon ziren bigarrenez Larrate enpresakoak Atxorrotzen  indusketa arkeologikoak egiten. Lanak hilabete inguru luzatu zirela eta ingurunean oraindik asko dagoela egiteko azaldu digu Iñaki Sagredok.
Maiatzetik hona zer egin duzue Atxorrotzen aurkitutako materialarekin?
Tokian bertan egindako lanaren ondotik, han topatutakoa sakon aztertu eta materiala zaharberritu egin behar izan da. Diputazioak biltegi bat du horretarako.
Nola joan zen bigarren esku-hartzea?
Oso ondo. 2009an eraikinaren harresiaren inguruan egin genuen lan 20 metro koadroko azaleran, eta aurten, hori metro bat inguru zabaltzeaz gain, beste zenbait puntu ere aztertu ditugu. Besteak beste, gazteluaren aljibearen (ura biltzeko erabiltzen zuten putzua) inguruan ibili gara. Azken horren harira, lehen fasean aljibearen hormak landuta zeudela igarri genuen; aljibe osoa atera dugu oraingoan.
Horretaz gain, sarrerako haitzetan dagoen irtengune baten egin dugu lan. Zaintza postua zela iruditzen zitzaigun, eta horrela izan zela esan dezakegu. Gainera, gaztelutik 100 metro ingurura dagoen haitzean ere indusketak egin ditugu. Bere garaian, ingurune hori gazteluaren defentsarako erabili zela eta, hortaz, hondakinak azalduko zirela uste genuen. Bete-betean asmatu dugu. Besteak beste, zeramika eta iltzeak topatu ditugu; azken horiek erakusten dute han egurrezko eraikinak egon zirela. Oso garrantzitsua da indusketa horietan topatu duguna. 
Dagoeneko bitan egon zarete han; baina oraindik lan asko dago han egiteko, ezta? 
Bai, hala da. Ez dakigu zenbat egongo garen, baina lan handia dago oraindik han. Hasierako asmoa da bost fasetan egitea. Datorren urtean, hirugarrenarekin lehenago hasteko asmoa dugu; martxo aldean, hain justu. Hilabetetik gora eman nahi dugu lan lanean, aztertzeko azalera handitu egin nahi dugu-eta. Dena dela, eguraldiak izango du azken hitza. 
Eta Atxorrotzeko indusketekin amaitu ondoren, zer? 
Asmoa da Gipuzkoa mailan gazteluen gaineko lehen museoa egitea Atxorrotzen bertan. Baina, horretarako, indusketetan irteten diren elementu guztiak kontsolidatu egin behar dira lehenengo. Gipuzkoan eta baita beste hainbat tokitan ere, behin baino gehiagotan gertatu da indusketak egin direla eta gero, ateratzen den materiala  galdu egin dela. Hortaz, hori kontsolidatu eta etorkizunari begira Atxorrotzen parke historikoa egin nahi da; baita parke natural bat ere.
Zenbat lagun ibili zarete indusketetan? 
Lehenengo esku-hartzean hiru lagun izan ginen; bigarrenean, bost; eta hurrengoan, kopuru horrek nabarmen egingo du gora. Aztertu beharreko azalera handitzen doan heinean, langile gehiago beharko dira; 15 lagun inguru egongo garela aurreikusi dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak