Hobera egin dute AHTren lanetan izandako istripuan zauritutako bi langileek

Usoa Agirre 2010ko abe. 10a, 15:59

Osasun Sailetik jakinarazi digutenez, Txagorritxura larri eraman zuten 42 urteko gizonezko bulgariarrak hobera egin du eta aurrerikuspenen arabera gaur bertan emango diote senda-agiria. Arrasateko ospitalera eraman zuten langilea, bestalde, 34 urteko emakumezkoa, Donostiako Poliklinikara eraman dute, eta hobera egin duela gaineratu dute Osasun Sailetik.

Atzoko lan istripua salatu eta gaitzesteko, hainbat eta hainbat izan dira gaur erakunde eta sindikatuek egindako adierazpenak. CCOO sindikatuko kideek, esaterako, Marinen bertan egin dute elkarretaratzea eguerdian. Salatu dute langileen lan orduak gehiegizkoak direla, eta administrazio publikoek ez dietela sindikatuei lanen egoera egiaztatzen uzten.

Ez dezatela zure bizitzarekin jokatu. Lan istripu gehiago ez. Horixe izan da CCOO sindikatuko kideek atzo Eskoriatzan izandako lan istripua salatzeko erabilitako leloa.

Hildakoari eta haren  familiari euren elkartasuna agertu gura izan diete Eskoriatzako Marin elizatean egin duten elkarretaratzean, eta AHTko lanetako langileen baldintzen inguruan, hitz gogorrak izan dituzte.

CCOOtik adierazi dute baita ere, lan istripu bat dagoen leku bakoitzean egongo direla eta sindikatuen arteko elkartasun falta azpimarratu dute.

Erreakzioak

Atzoko lan istripuaren inguruko erreakzioak baina, ugariak izan dira. Hala, Legutiano aldi baterako enpresa elkarteak, istripua gertatu zen lanen adjudikaziodunak deitoratu egin du gertatutakoa eta gaineratu barne ikerketa bat abiarazi duela.

LAB sindikatuak, bestalde, hitz gogorrak izan ditu erakunde publikoendako, esanaz AHT bezalako azpiegitura handiak kosta hala kosta bukatu gura direla, eta horrek, langileen baldintzetan eta osasunean eragina duela. AHT geratzea ere eskatu dute LABetik. ELA eta LABek datorren astelehenean egingo dute elkarretaratzea Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

UGT sindikatuak bere aldetik, exijitu du Eskoriatzan gertatutako ikertzea, eta aurten ezbehar kopurua igo egin dela-eta, bere kezka adierazi du.

Gipuzkoako Batzar Orokorretan bestalde, adierazpen instituzional bat onartu dute: elkartasuna adierazi diete hildakoari eta zaurituei, eta erakundeei elkarlanean aritzeko eskatu diete, langileen osasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen dituzten baldintzak alde batera uzteko azpimarratuz.

Ezker Batuak eta Aralarrek deitoratu dute langilearen heriotza eta istripua zergatik gertatu den ikertzeko exijitu diete erakundeei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak