Elkarretaratzeak egingo dituzte atzoko lan-istripua eta heriotza salatzeko

Usoa Agirre 2010ko abe. 10a, 10:10

Sobera zeuden lehergaiek eztanda egin zuten Marinen egiten ari diren AHTren lanetan, Eskoriatzan. Lehergaia manipulatzen ari zen langilea hil egin zen (55 urteko gizonezko ukrainarra) eta beste batek (42 urteko gizonezko bulgariarra) zauri larriak jasan zituen leherketaren hedatze-uhinengatik. Hirugarren batek zauri arinagoak jasan zituen. Sindikatuek elkarretaratzeak egingo dituzte istripua salatzeko: CCOOk elkarretaratzea egingo du gaur eguerdian Marinen; ELA eta LABek datorren astelehenean egingo dute elkarretaratzea Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

14:20 inguruan gertatu zen ezbeharra Marinen, AHTren lanetan. Langile bat bertan hil zen (55 urteko gizonezko ukrainarra) leherketaren ondorioz eta beste batek (42 urteko gizonezko bulgariarra) zauri larriak jasan zituen leherketaren hedatze-uhinenengatik; Gasteizko Txagorritxu ospitalera eraman zuten anbulantzia medikalizatuan. Hirugarren zauritua lanetako zinpeko zaintzailea da (34 urteko emakumea) eta zauri arinagoak izan zituen; Debagoieneko Ospitalera eraman zuten.

Lan-istripua Adifi dagokion AHTren zatian gertatu zen. AHTren Legutio-Eskoriatza II tartean -2,4 kilometrokoa-. Legutiano UTE enpresa ari da obra horietan.

Salaketak

Eskoriatzako alkateak ezustean hartu zuen albistea. Halaxe esan zigun istripuaren berri jakin bezain laster Pedro Lasagabasterrek: "azken aldian lanak oso motelduta zeuden eta langile gutxi ikusten ziren han lanean. Ezustean hartu gaitu gertatutakoak".

CCOO, ELA eta LAB sindikatuek ezbeharra salatu dute eta elkarretaratzeak deitu dituzte: CCOOk elkarretaratzea egingo du gaur eguerdian Marinen; ELA eta LABek datorren astelehenean egingo dute elkarretaratzea Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

Politika arloan Ezker Batuak eta Aralarrek deitoratu dute langilearen heriotza eta istripua zergatik gertatu den ikertzeko exijitu diete erakundeei. Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak, Rafaela Romerok, arriskuen prebentziorako legea nola aplikatzen den berrikustea eskatu du.


Langile bat hil da Eskoriatzan, AHTren lanetan map

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak