Pupu eta Loreri, esperotako ongietorri itzela

Iker Barandiaran 2010ko aza. 28a, 12:53

Pirritx eta Porrotx pailazoek eta Marimotosek Pupu eta Lore seme-alabatxoak jendaurrean aurkeztu eta umore artean hainbat azalpen umoretsu-didaktiko eman zizkieten Eskoriatzako eta beste herri batzuetatik etorritako ume eta guraso ugariri. Ordu eta erdiz adi-adi izan zuten pilotaleku osoa eta, jakina, azkenean frontoi osoak dantzan eta kantuan bukatu zuen. ARGAZKIAK BARRUAN

Jakin-min handia zegoen Eskoriatzan Pirritx, Porrotx eta Marimotots ikusteko. Batetik, pailazo hauek duten paregabeko ezaugarriengatik; bestetik, Pirritx bera eta haren seme-alaba Pupu eta Lore jendaurrean ikusi ahal izango genituelako; eta azkenik, Ongi etorri Pupu eta Lore ikuskizunaren estreinaldia zelako. Hala ere, izan zuten harrera ikusita, beste edozein egoeratan ere jakin-mina antzekoa izango litzateke.

Hazi eta hezi ere bai

Ohiko duten moduan, barrea, musika eta dantza tonaka ekartzeaz gain, irakaspena ere barra-barra du pailazo koadrilak atzean. Eta zer esanik ez, umeak hazteak eta hezteak duen garrantzia kontuan hartuta. Hori da beste behin erakutsi zigutena. Horretarako, hainbat lagun berri aurkeztu zizkiguten: osasuntsu bizi behar dela erakutsi zigun Tiritatxo; natura zaintzeaz, Largabista basozainak; zientziaren sekretuetaz asko Marikalanbre-k; eta, euskal kultura ondo gordetzeko ohartarazi zigun Martinber-ek ere.  

Irrien Lagunak Kluba

Horiez gain, Pupu eta Loreren erditzearekin batera, Irrien Lagunak Klub-a ere jaio da, eta horixe ere aurkeztu ziguten. Are gehiago, klub horren maskota eta zaindari Lagun txakurra ere igo zen Eskoriatzako pilotalekuko agertokira.

Oso jende gutxik lortzen du umeak ordu eta erdian adi-adi izatea, baina koadrila honek badaki, eta horren ordainean, bukaera aldera, ikusleei baloi erraldoiak jaurti eta dantzan jarri zuten pilotaleku guztia. Umeak zoratzearren eta gurasoak ere bai, baina txikienen bila zebiltzalako. Bukaera mundiala! Eta, hori gutxi balitz, emanaldiaren ostean bukaezineko muxu banaketa. Ezin gehiago eskatu, eta hori txikienek ondo dakite.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak