Sententziak dio Aitor Urrutia erruduna dela eta "kaleratzea, bidezkoa". Epaian jasotakoaren arabera, zuzendari ohiak ez zituen bete bere funtzioak eta hori "arduragabekeria larritzat" jotzen du. Hori dela-eta, "zigorrik handiena" merezi duela nabarmendu du epaileak; hau da, Patronoen Juntak erabakitako lan-kaleratzea.
"Alkatearen premia"
Orain arte "isilean egoten" ahalegindu bada ere, "tamalez" komunikabideen aurrean agertzeko beharrean egon dela dio Urrutiak: "Alkatearen premia obsesibo pertsonal eta politikoek, nire pribatutasun eskubidea urratuz, bere ekintza politikoaren jomuga bihurtu dute gai erabat pribatu bat, zuetariko edonork izan dezakeena". Urrutiak berretsi du ez duela "euro bakar bat" eraman, eta honakoa ohartarazi du: "Kereila jarriko diot halakorik esan edo iradokitzen duen edonori".
Errudun ez dela nabarmentzeaz gain, dio bi gauza "ezkutatzen" saiatzen direla: batetik, "obra baimenak ez emanaz" Udalean egoitza berriaren proiektua "bertan behera" uztea "bere gain beto eskubideak hartuz". Urrutiaren ustez, "huts historikoa" da hori, "eskoriatzarren belanauldi askok ordainduko dutena". Bestetik, "udalean enbarazu gehiegi egin dezakeen oposizio edo arerio politiko baten kanporatzea" dago, "Alkate jaunaren ploltsikoari zuzenago ikutzen dion beste gai batekiko izan dugun jarrerarengatik". Urrutiak dio, "ez omen dago politikarik honetan guztian, baina politikarik ez dagoela adierazten duten bitartean, alkatea nire alderdiko Gipuzko Buru Batzarrera zuzentzen da, Salaberria zinegotziaren bitartekaritza ordainezinarekin".
Urrutiak dio "barregura" ematen diotela epaiarekin justizia egiten dela dioten adierazpenek: "Justizia egin al zen alkate jaunak autopistagatik kalteturiko bere lurzoruen balorazio ekonomikoaren kontura Foru Aldundiarekin galdu zuen auzian?". Edo justizia egiten ari zen "Ino Galparsoro espetxean zegoela beti olerki berarekin gozarazten zizkigunean Udaleko bilkuren hasierak?. "Ez, orduan, ez; ez baitzen norberaren aldekoa. Hura ez zen justizia. Orain, bai, ordea".
Amaitu aurretik, honakoa ohartarazi du: "Datozen garaietan nik zein nire alderdiak lintxamendu helburu izaten jarraituko dugula".