Harriak jausi dira berriro Aranburuzabala kaleko etxeetara

Mirari Altube Arrese 2010ko aza. 14a, 19:21

Eguaztenean, hilak 10, ezusteko galanta hartu zuten Aranburuzabala kaleko 22. atarteko bizilagunek. Harriak jausten hasi ziren mendi magaletik eta orain dela hilabete batzuk eraikitako hormaren gainetik pasatuta, etxe ingurura iritsi ziren. Zorionez, ez ziren barrura sartu harriok, urtarrilean gertatutako moduan.

Urtarrilaren 31n Aranburuzabalako 26. atarteko bizilagunei sartu zitzaien lurra etxeetan, mendia behera etorrita. Oraingoan 22. atarteko bizilagunek hartu dute ezustekoa, lur eta harri dezente jausi direlako menditik eguaztenean egindako euri jasen ondorioz. Pedro Lasagabaster alkatearen esanetan udaberrian eraiki zuten hormak oso ondo eutsi die mendiko lurrei eta horregatik ez da arazo handiagorik gertatu –urtarrilean etxe barruraino sartu zen mendia, eta hainbat bizilagunek asteak egin zituzten etxetik kanpo–. Harriak, baina, horma gainetik pasatu dira oraingoan ere eta etxe inguruetara iritsi. Hori horrela, bizilagunak arduratuta daude: "Horma egin zutenean esan ziguten lasaitasuna bermatuta geneukala urte askotarako, baina hilabete batzuk bakarrik iraun du. Hori ikusita barruraino sartu zaigu beldurra".

Bizilagun horiek segituan jakinarazi zieten Udal agintariei gertatutakoa eta brigadako langileak bidali zituzten harriak kendu eta ingurua garbitzeko.

Eremu ezegonkorra

Mendi magalean bizi diren bizilagun batzuek jakinarazi dute 28. atartearen inguruan ere lurra jausten hasita dagoen susmoa daukatela. Alkateak dio posible dela: "Argi dago oso eremu ezegonkorra dela eta arriskutsua". Hala ere bizilagunak lasaitu gura izan ditu: "Adituak egon dira egunotan gertatutakoari begira, geologoak, eta orain arte jarritakoak –horma eta mendiari eusteko sarea– funtzionatzen duela esan digute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak