Esandako egitasmo hori Ibarraundi museoaren barruan dago. Museoaren eta labearen arteko gertutasunak zerbitzuen, kudeaketaren eta baliabideen osagarritasuna ahalbideratzen du. Horixe da, hain zuzen ere, Udalak etorkizunean egin gura duena.
2005ean, Udalak Zubiateko zeramika labea eskuratu zuen. XIX mendeko labea estilo arabiarrekoa da eta bi ganbaretakoa da. Horrek 6,92 metroko altuera du; beheko partean errekuntza-ganbera ikus daiteke, aho bakarra duela. Goian, berriz, erreketa ganbera handia dago. Jaurlaritzak ondare arkeologiko izendatu du eta gaur egun, Gipuzkoan existitzen den bakarra da.
Labea sendotu dute
Udalak dagoeneko labea sendotu du eta orain, herritarrei ezagutarazteko, proiektua egin du. Hori hainbat fasetan egin nahi dute. Lehenengoan labea inguratzen duen 280 metro koadro inguruko aretoa egokituko da.
Modu horretan, garai hartako testuinguru ekonomikoa, soziala, politiko eta kulturalaren berri eman gura da. Ondoko aretoak ere Udalarenak badira ere, horien egokitzapena hurrengo batera utziko dute.
Aretoaren zatiak
Aretoa, zehazki, lau ataletan banatuko da. Bisitariak harrera txikitik pasa ostean, labea ikusiko du parean. Ezkerreko aldean, interpretazio gunearekin egingo du topo. Buztinaren eta horren erabileraren inguruko panelak jarriko dira; baita eltzegilea eta zeramika tornua ere. Eltzegilearen lana azaldu nahi da panelen bidez.
Handik labera pasatuko dira bisitariak. Zuloan egosketa prozesua azaltzen duten panelak egongo dira. Eta azkenik, erakusketa gunean bisitariek zeramika moten, dituen erabileren eta koloreen gaineko datuak izango dituzte eskura.
Zeramika bilduma
Gune horretan Udalak 2006an, Bittoriano Larrañaga bildumazale bergararrari erositako zeramika bilduma garrantzitsua ikusi ahal izango dute. Horrek 240 pieza ditu eta gaur egun, udal biltegietan daude gehienak.
Guzti hori egin ahal izateko, Udalak diru laguntzak behar ditu. Dagoeneko Jaurlaritzako Kultura sailari eskatu dio. Eguazteneko plenoan, gainera, Turismo sailari ere eskatzea adostu zuten udalbatzako kideek.