Zazpi elizateen IV. martxa egingo dute domekan

Iker Barandiaran 2008ko mai. 21a, 20:41

Elizate guztiak zeharkatuko dituen ibilaldia egingo dute domekan; ez dago irabazle ezta galtzailerik, eta 32 kilometroko luzera dauka.

Herritar talde batek IV. Elizateen Martxa antolatu du. Bi urtetik behin egiten dute martxa hori, Eskoriatzako Kirol Elkartearen laguntzarekin; eta aurtengoak 32 bat kilometro izango ditu.

Txikirri-txikirrirekin txandaka

Txikirri-Txikirri mendi ibilaldia bi urtetik behin egiten da. Hortaz, elizateen mendi martxa horrekin txandakatzen dute. Edizio bakoitzean 80 bat lagunek esku hartzen dute elizateen mendi martxan, eta aurten 100 lagunetara heldu gura dute. Hala jakinarazi digute antolatzaileek: "Mendian sarritan ibiltzen den edozeinendako moduko martxa da, gazte zein nagusiendako", azaldu digu antolakuntza lanetan ibiltzen den Roman Aranburuzabalak.

Izenemate barik

Antolatzaileek azaldu digute interesatuek nahikoa dutela domekan, 07:00etan, herriko plazan agertzearekin. Ez dago izenematerik, eta ezta irabazle ezta galtzailerik ere. Ibilaldia egiteko sei-zazpi ordu behar izango direla uste dute, nahiz eta gutxi batzuk lau bat orduan egiteko gai izango diren.

32 kilometroko ibilaldia

Eskoriatzako plazatik Mazmelara abiatuko dira, eta handik, autobide gainetik, Zarimutzera joko dute. Marinera igotzeko, berriz, Kurtzetako aldapa igo beharko dute. Hori izango da ibilbideko zati zailena. Horren ostean, San Adrian ermitatik Apotzagara jaitsiko dira. Han, Apotzagan, hamarretakoa emango diete parte-hartzaileei.

Atsedenaldi txiki horren ostean Gellao auzoraino jaitsiko dira, eta handik, Aretxabaleta aldetik, Mendiolara igo beharko dute. Hori izango da ibilbideko bigarren zati zailena edo deserosoena. Horren ostean, Bolibar aldera jaitsiko dira, eta Eskoriatzako herriko plazan bukatuko dute. Han, salda eta pintxoak banatuko dituzte. Guztira 32 kilometro direla jakinarazi digute antolatzaileek.

Paisaia zoragarriak

Antolatzaileek azaldu digute sasoi honetan bestelako mendi probak egiten direla, baina elizateetako martxa tamaina txikiagokoa dela, apalagoa: "Kirolari handienendako baino gehiago, gurea domekero mendira joaten diren herritarrendako da. 75 urteko herritarren batek ere esku hartu izan du".

Bestalde, martxa horrek badu balio erantsi bat: hain zuzen, buelta osoa emango diete Eskoriatzako inguruei; ibilbidean Udalatx, Aramaio eta beste ikus daitezke eta paisaia zoragarria da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak