Zapatu gauean egin zen danborradan 180 lagun inguruk parte hartu zuten

Maider Arregi 2008ko eka. 29a, 16:39
San Pedro jaiei hasiera paregabea eman diete eskoriatzarrek. Zapatu gauean egindako nagusien danborradan inoiz baino jende gehiagok hartu zuen parte. Jaiei agur esan aurretik herritarrek umeen egunaz eta Euskal Jaiaz gozatzeko aukera izango dute.

Zapatu gauean nagusien danborrak Eskoriatzako kaleak kolorez, sorginkeriaz, magiaz eta jendez bete zituen. Urtero emakumearekin lotutako aitzinako gai bat dauka ardatz nagusi danborradak. Aurten, Amuska emakume taldeak, sorginkeria, petrikiloak eta emaginak protagonista izatea aukeratu du. Herri guztia zeharkatu zituzten danbor doinuek eta karrozek: pilotalekutik irten eta San Pedrotik Intxaurtxuetara. Ondoren, Olazar kaletik Dorleta auzora eta  geltokira abiatu ziren. Azkenik danborrada Aranburuzabala kaletik jendearen oihu eta txalo zaparrada artean herriko plazara joan zen amaiera emateko.

Parte hartze handia

Cirilo Perea danborradako zuzendari nagusia pozik azaldu da urtetik urtera parte hartzea handiagoa delako. "Herritarren parte hartzea geroz eta handiago da. Aurten inoiz baino jende gehiagok esku hartu du; 180 lagun inguruk". Pereak gaineratu du gazte jendearen kolaborazioa urtetik urtera handiago dela.

Bi jai egun aurretik

Gaurko egunean, umeen danborrada izango da protagonista. Golden Apple Quartet taldearen musikarekin gozatzeko aukera izango da. Eskoriatzako taldeek, ordea, rock abesti ezagunen bertsioak egingo dituzte. Bihar, berriz, Euskal Jaia ospatuko da.  Eguerdian, taloa eta sagardoa dastatzeko aukera izango da; ondoren, herri bazkaria egingo dute Gorosarri plazan. Eta arratsaldean II. Kantu Txapelketa.

 

Egitaraua

Ekainak 30, astelehena

 

09:00 txistulariekin kalejira

12:00 Txan Magoa, Gorosarrin

12:00 hildakoen aldeko meza

13:00 Voces Navarras taldea

16:30 XVII. Mus txapelketa

18:30 haurren danborrada

20:00 Samu Crew break dance eta Aritz Sound System dj-a

23:00 Golden Apple Quartet

24:00 herriko taldeen rock abesti ezagunen bertsioak

Uztailak 1, martitzena

10:30 txistularien kalejira

12:30 talogileak eta sagardo kupelak herriko plazan

13:00 plazan, Musika Eskolako dantzari taldeen ikuskizuna

13:30 trikitilari Eskolako ikasleekin kalejira

14:30 herri bazkaria Gorosarrin

18:00 herriko plazan, II. San Pedroetako Kantu Txapelketa

19:30 Euskal preso eta errefuxiatuen aldeko kalejira.

20:00 Dantzaldia plazan Imuntzo eta Belokirekin

24:00 Jaiei bukaera emateko bandera jaitsiera

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak