Talde guztietako ordezkariek baloratu zuten herritarrak informatzeko eta galdetzeko Udalak egindako lana. Horrez gain, bai PSE-EEk eta baita alkateak ere bat egin zuten Aldundiaren jarrera salatzerako orduan. "Erakunde publiko batek ezin du zerbitzu publiko bat enpresa pribatu baten esku utzi, inolako lehiaketa publikorik egin barik", nabarmendu zuten. Hala, bi ordezkariek "lotsagarria" deritzote Aldundiak GSR enpresari zuzenean eskumen hori ematea; eta, are gehiago, alkateak salatu zuen Aldundiak ez duela prozedura guztian "aurpegirik eman".
Kontsultako emaitza txikiak eskutan hartuta, EB-Berdeak taldeak ez zuen emaitza loteslea izatea babestu, ezta PSE-EE taldeak ere. Aldiz, udal gobernuko taldeak, EAk eta Elizateetako ordezkariak kontsultako emaitzak ontzat hartu eta aurrera egitea erabaki zuten. EAJko ordezkaria, berriz, abstenitu egin zen.
Hala, hurrengo pausua izango zen eguenean patronatuko batzarrera kontsultako emaitzak eramatea. Eta patronatuan dauden udaleko ordezkariek nabarmendu zuten euren helburua izango dela patronatuak Aldundiarekin negoziatzerakoan egoiliarren, langileen eta eraikinaren diseinuaren gainean hausnarketa sakona egitea