Zaharren egoitzaren gaineko hainbat erabaki hartu ditu Udalbatzak astean

Miren Manias 2010ko mai. 28a, 16:30
Eskoriatzako zaharren egoitzaren etorkizuna zehazteak luze joko du. Desadostasunak medio, Udalak 2009ko azaroan eten zituen eraikina berritzeko Aldundiarekin zituen negoziaketak, eta udalbatzak gai horren gainean astean hartutako erabakiek prozesua moteldu egingo dute berriro.

Asteazkenean egindako ohiko osoko bilkuran zaharren egoitzaren gainean hiru erabaki nagusi hartu zituzten EAJ, PSE, Hamaikabat eta Ezker Batuaren aldeko botoekin. Gainontzeko alderdiek ere osoko bilkuraren ondotik Batzordeak onartutako irizpena babestu egin zuten.

Eraikina zaharberritzeari dagokionez, egoitzaren udal batzordeak duela urtebete hartutako erabakia berretsi eta berriro eskatu zion egoitzaren arduraduna den Patronatuari lehenbailehen egin daitezela eraikina eraberritzeko obrak. Bestetik, egoitzaren titulartasunari buruzko erabakia hartu zuen udalbatzak: Patronatuari eskatzea zaharren egoitzak udal titulartasuna izatea, hain justu ere. Eta hori gauzatzeko beharrezko tramiteak egin ditzala ere eskatu zion udalbatzak patronatuari.

Egoitzaren titularitatea udalaren esku uzteko erabakia historikoa dela azpimarratu du Pedro Lasagabaster Eskoriatzako alkateak. Bere esanetan, erabaki hori hartu dute Jose Aranak herriari utzi ziolako diru kopuru bat zaharren egoitza egiteko, eta Lasagabasterrek uste du eraikinaren jabetza eguneratzea beharrezkoa dela, egun udalak eta elizak partekatzen baitute. Modu horretan, egoitzaren kudeaketan gardentasuna bermatu nahi dutela gaineratu du.

Gardentasunaren harira, alkateak gogora ekarri zituen egoitzaren kudeaketan orain dela hilabete antzemandako irregulartasun larriak, eta adierazi zuen momentu honetan horiek argitzeko ikerketa zabalduta dagoela. Horren ondorioz, orain arte administratzaile lanetan aritu den langileari espedientea zabaltzeko eta egoitzaren kudeaketa ekonomikoarekin zerikusia duten funtzioetatik at uzteko erabakia hartu dute.

Gauzak hala, zaharren egoitzaren etorkizuna adosteak luze joko du eta alkateak dioenez, hartu beharreko erabakia gogorra izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak